Dokumentuaren akzioak
Jai handi baten bueltan elkartu dira Haritz dantzari taldean ibilitakoak
Haritzen eguna ospatu zuten zapatuan Elgoibarren Haritz Euskal Dantzari Taldearen bueltan ibilitako lagunek.
12:30ean Aita Agirren elkartu ziren guztiak eta Mikel Olaizolaren bertso gogoangarri bat entzun ostean, 50 urteotako historiaren laburpena egin zuen Maialen Astigarragak, urteetan egin dituzten ekintza, jaialdi, bidaia eta abarretako irudiez lagunduta. Ekitaldia bukatzeko, dantza eskolako hiru dantzari gaztek dantza egin zuten. Ondoren, sokadantza dantzatu zuten Aita Agirretik Kultur Etxera, eta kalejira batekin amaitu zuten han dantza saioa. 50. urteurrenaren harira sortutako edalontziekin topa egin eta belaunaldi bakoitzean Haritz EDT osatu duten kideen talde-argazkiak atera zituzten gero, helduenetatik gazteenera.
Handik, Jai Alai tabernara jo zuten gero, hango nagusi den Jesus Mari Arrieta omentzera, urte askoan doan zerbitzatu izan dizkielako edariak dantzariei. Eguerdirako herri bazkaria lotua zuten, dantza taldearen bueltan ibilitako lagun guztiek elkarrekin bazkaltzeko eta 140 bat lagun elkartu ziren Maalan, bazkaritan. Arratsaldean, berriz, hiru bat orduz, kalez kale ibili ziren Skapaie elektrotxarangakoekin, eta eguna amaitzeko, 22:30ean, erromeria egin zuten Maalan Bide Batez taldekoekin.
Hona Mikel Olaizolak abestu zuen bertsoa:
Lurraren ta airearen
arteko tarte horretan
musikak esnatu zigun
arima hanka puntetan.
Geroztik hamaika pauso
ardatz berdinaren bueltan,
mikrokosmos intimo bat
eraikitzen goaz bertan.
Batzuek zintatik irten,
besteak zintara batu,
hariak txirikordatuz
elkar lotu ta askatu,
Haritzen josi duguna
nahi genuke gaur ospatu
gorputzak, mingainak eta
oroitzapenak dantzatuz.
*Argazkiak: Haritz EDT
Dokumentuaren akzioak