Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jai gorri-beltza, Okendon

Dokumentuaren akzioak

Jai gorri-beltza, Okendon

Egilea
Mikel Goñi
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Albistea
Data
2011/03/16
Lotura
Irutxuloko Hitza

Tamaina handiko 18 argazki dira erakusketan. Erretratuak dira batzuk, girokoak besteak, eta den denak, ikusgarriak. Hernandezek azaldu duenez, Okendo etxean dagoen bilduma «lan osoaren pintzelkada bat besterik ez da». Egileak buruan duen liburu baten aurrerapena, alegia.

Hernandezek duela bost bat urte ezagutu zituen maskaradak. «Aldizkari batek egindako enkargua izan zen, eta liluratuta gelditu nintzen». Ordutik ia urtero itzuli da Zuberoara inauteriaren inguruko jai honen irudiak jasotzera. «Ingurua zoragarria da, Euskal Herria idilikoa dirudi eta jendea… jendea oso-oso berezia da».

Jai ibiltaria
Inauteriarekin lotura estua duen neguko jaiak dira maskaradak. Dantzak, bertsoak eta kantuak dira pertsonaia jakin batzuen inguruan gertatzen den ikuskizuneko protagonistak. 25 lagunek osatzen dute segizioa, bi taldetan banaturik, gorriak eta beltzak. Gorrien ordenua eta dotorezia, beltzen anabasa eta zalapartarekin kontrajartzen da jaiotan.

Urtetik urtera aldatzen doan herri bateko biztanleak dira maskarada antolatzeko arduradunak. Jaia inguruko herrietara eramaten dute lau bat hilabetean zehar. Aurten Santa Graziko herritarrek hartu dute maiatzaren 15an bukatuko diren maskaraden ardura. Okendoko bildumak honen aurrerapena emango dio maskarada ezagutzeko grina duenari.

Hernandezek dioenez, «oso jai irekia da, publikoak ere parte hartzen du». Argazkilariaren lanak argi uzten du hori eta baita, emanaldia bukatu ondoren, hamaiketako ederra egiten dutela ere. Okendoko erakusketak maskaraden pertsonen eta pertsonaien berri jasotzeko balio du. Argazki hauek ikusita, txerreroen, txorrotxen edo zamalzainen indarraren parte baten berri jaso daiteke, baita Zuberoara joateko gonbita ere.

Maskaradaren osagai guztiak bildu ditu argazkilariak (Javier Hernandez)

Dokumentuaren akzioak