Dokumentuaren akzioak
Jai giro onean gurutzatu du hiria Euskal Jirak
Euskal kultura eta tradizioaren urteko erakustaldi handienetariko batek gurutzatu du Irun goizean: Euskal Jirak. Atzo hasi zen egitaraua, Atsegiñaren erraldoi eta buruhandien desfilearekin. Ondoren, txosna, haurrentzako puzgarri edota txaranga eta erromeriarekin jarraitu zuten festan irundarrek.
Gaur goizean izan da asteburuko jarduera izarra. 11:00etan Mendelutik abiatu eta Urdanibia plazara arte desfilatu dute ehunka lagunek. Dantza eta musika, musika eta dantza; horixe izan da ibilbide osoan jai giroa piztu duena. Jende andana gerturatu da ibilbide bazterrera jira igarotzen ikustera. 45. edizioa izan da aurtengoa, eta gurdi ugari prestatu dituzte beste behin ere.
Baina, oraindik ez da festa bukatu. Santiago frontoian egingo duten herri bazkarirako prestatzen ibiliko dira orain irundarrak; eta bazkalostean, beste hainbeste jarduera izango dituzte herritarrek ospakizunarekin jarraitzeko: txosna irekiera, dantzaldia, musika… Gainera, Euskal Jiraren asteburuari itxiera emateko, Gipuzkoako Herri Kiroletako Pentatloi Txapelketa izango dute bihar Urdanibia plazan, 11:30etik aurrera.
Dokumentuaren akzioak