Dokumentuaren akzioak
Jackson Browne, Gilberto Gil eta Julio Bocca Kursaalean izango dira 2003an
Hogeita hamar ikuskizun inguru antolatuko dituztela adierazi zuten atzo Kursaal Fundazioko kideek, 2003ko programazioaren aurkezpenean. Aurtengo programazioko azken ekitaldia bihar izango da; Espainiako Dantza Konpainia Nazionala etorriko da, Nacho Duato zuzendari duela.
2003ko programazioa Richard Galliano akordeonista frantsesak irekiko du, otsailaren 1ean. Hilabete horretan, Estrella Morente, Imanol eta Barbara Hendricks ikusteko aukera ere izango da. Alemaniako Ute Lemper eta Moskuko Helikon Opera Antzerkia izango dira martxoan; apirilean, aldiz, The Kings Consort eta Jackson Browne estatubatuarraren musika.
Maiatzean, Aragoiko Amaral taldeak joko du. Balkanetako folkloreaz gozatzeko aukera ere izango da, Goran Bregovicaren eskutik.
Ekainean ere nazioarteko musika entzuteko parada izango da: Paristik etorrita, Aicha Redouanek kantu arabiarrak eskainiko ditu; Gilberto Gil eta Maria Bethaniak, aldiz, Brasilgo musika ekarriko dute Donostiara.
Aurrekontu handiagoa datorren urtean
1.500 euroren irabaziekin amaitu du Kursaal Fundazioak aurtengo jarduna. Antolatu dituzten 32 ekitaldietara, 42.700 ikus-entzule joan dira.
Hurrengo urterako diru gehiago izango dute: 1.805.075 eurokoa da aurrekontua, 2002 urtekoa baino %2,5 handiagoa.
%40 Foru Aldundiak eta Udalak ipiniko dute, %30 elkarte pribatuek eta gainontzekoa sarreren salmentatik aterako dute.
Dokumentuaren akzioak