Dokumentuaren akzioak
Iztuetaren bizitzan barrena bidaiatzen duen dantza saioa
'Egape' dantza taldearen 'Zuria, gurea da' ikuskizuna Donostiako Antzoki Zaharrera iritsiko da igande honetan
'Zuria, gure erara' ikuskizuna duela urtebete aurkeztu zen lehen aldiz eta harrezkero hainbat eta hainbat oholtzatara igo da. Igandean, abenduak 13, Edu Muruamendiarazek zuzendutako koreografia hau, Donostiara iritsiko da. 'Egape' taldeko dantzariek, 'Anabas'-eko musikariekin eta 'Marizulo'-ko hainbat kiderekin batera, 'Zuria' goitizenez ezagutzen den Juan Ignazio Iztuetaren bizitzan barrena bidaiatuko dute Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Sarreran 10 euroan daude salgai.
Horretarako Iztuetak berak idatzitako 'Guipuzcoaco provinciaren condaira' edo historia obrako hainbat pasarte, gai eta gertakari landu ditu taldeak, 'Zuria'-ren amets, amodio, itxaropen eta kezken erakusgarri izan daitezkeenak. Tasun eta aurpegi horiek guztiak izan dira dantzaren, antzerkiaren eta zuzeneko musikaren eskutik Iztuetaren bizitza gorabeheratsuan barrena ibilaldia egiten duen ikuskizuna oholtza gainera eramateko hazia.
Iztueta aldaketa garaian bizi izan zen
Juan Ignazio Iztueta Zaldibian jaio zen 1767an eta han bertan hil 1845ean. Aldaketa garaian bizi izan zen, hortaz. Bizitza luze bezain betea izan zuen, ez baitzen geldi egoteko horietakoa. Dantzaria hiru aldiz ezkondu, kartzelatik pasa eta euskarazko hainbat publikazio idatzi zituen. 1824ean egindako dantza-bildumarekin gertaturikoa paradoxa da: esku-liburu zurruntzat erabili da, egileak, beste ororen gainetik, aske ibiltzea maite eta behar zuenean.
Urtarrilean, Urnietako dantza-taldeak eta 'Anabas'-eko musikariek, herriaren Udalaren eta Kutxa Fundazioaren babesarekin batera, Iztuetak «bere erara egingo zukeen bezalaxe», zaldibiarraren izaera ezagut dezan erraztu nahi diote ikusleari (izan dantza-zale edo ez).
Dokumentuaren akzioak