Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iztueta, dantzara

Dokumentuaren akzioak

Iztueta, dantzara

Goierritar gutxi izango dira, historia guztian, Juan Inazio Iztueta Etxeberria (Zaldibia, 1767-1845) adina aztertu, komentatu, goraipatu eta larrutu direnak. Pertsonaia poliedrikoa dela denek aitortzen dute. Hainbat arlo landu zituen, eta zenbait gauzatan oso aurreratua izan zen: euskaraz gai laikoak idazten, Gipuzkoaren historia euskaraz idazten, dantzak deskribatzen, eta haien musika papereratzen. Orain, Iztuetaren jaiotzaren 250. urteurrenean (azaroaren 29an da eguna), Zaldibian egitarau batekin oroitu, omendu eta, neurri batean, justizia egingo diote.
Komunikabidea
Goiberri
Mota
Erreportajea
Data
2017/11/10
Lotura
Goiberri

Garai gora-beheratsua tokatu zitzaion Iztuetari. Konbentzio Gerra, Espainiako Indepentzia Gerra, Donostiaren erreketa —etxea deuseztu zioten—, antzinako erregimenaren eta ilustrazioaren arteko talka… Eta, Euskal Herrian, euskararen kontrako jazarpena, euskaltasunaren ukazioa eta herri gisa gutxiespena jasan behar.

Bizitza pertsonala ere, film baterako modukoa utzi zuen. Emakumezalea, liberala baina foruzalea, elizaren giltzarrapotik ihes egin zalea, moral gaietan laxoa… Irudi hori eraiki du geroztiko historiografiak. Iztueta Elkarteko Tere Irastortzak ikertu duenez, ordea, hondoko itsasoa sakonagoa zen. «Errealitatean, Zaldibiak bi bando zeuzkan; bat Joseph Etxabe bikarioaren aldekoak, eta beste bat kontrakoena. Iztueta udaleko hautetsi zen, eta arimen kutxa irekiarazi elizari, eta zegoen dirua erakutsi zien herritarrei, alkatearekin batera. Hori izugarria zen».

JUAN_INAZIO_IZTUETAREN_ERR

Zaldibian hitzaldi eta omenaldi sorta batekin oroituko dute Juan Inazio Iztueta, jaio zeneko 250. urteurrenean. Printza asko eta aberatsak landu zituen.

Elizak ez zion barkatu atrebentzia, eta Inkisizioaren beraren aurrean salatu zuen; lapurretagatik lehenik, eta konplot erlijioso-moral gordinak egotzita gero. Logroñon, Inkisizioaren kartzela sekretuan egon zen preso, zazpi hilabete (lehen presoaldi garaian, 1801-07).

Nestor Basterretxearen eskultura Iztuetari (1971), Donostian.  /  A. Maiz

Nestor Basterretxearen eskultura Iztuetari (1971), Donostian. / A. Maiz

Elizak «pertsekuzioa» hasi zuen Iztuetaren kontra. «Gero egin diren irakurketa guztietan, Iztuetaren gain erori da problema guztia. Baina bi mundu zeuden. Bestetik, baita ere, dantzari bezala goraipatu dute, baina gizon bezala ez; ez zen gizarte-eredu baterako egokia, nolabait esateko», dio Irastortzak. Zaldibiako azaroko zikloan, kontestu berri hori aterako da, zenbait konplexutasun esplikatzeko balio dezaketenak.

‘Txuri’ izen, gorriak ikusi

Espetxean bi garaitan egon zen. Lehena, 1801etik 1807ra. Erlijio gaietan axolagabekeriagatik, bizimodu narrasa eramateagatik (emakumezalea) eta moral kontuengatik, itxuraz. Gaintzako eskribauaren etxean lapurreta egitearen aitzakian atxilotu zuten. Bere anaia bat ere tartean omen zen, aurpegiak estalita eta elkarrekin erdaraz mintzatuz, ezagutu ez zitzaten. Geroago, anaia Olaberriko elizan limosna lapurreta batean ere nahastu zuten.

Bigarren aldiz, zortzi hilabete egin zituen kartzelan: 1814ko otsailaren 28tik maiatzaren 12ra, eta 1815eko maiatzaren 19tik azaroaren 14ra. Espainiako Independentzia Gerran, Frantziaren tropei laguntzea eta frantsestua izatea leporatu zioten. 1809ko eta 1813ko gertakariak leporatu zizkioten, Frantziako gudarosteari, Getarian zegoena, 400 matan eta 260 lastai-koltxoi saltzeagatik. Ez zuen inoiz diru hori kobratu.

«Guri iruditzen zaigu dena guri tokatu zaigula bizitzea. Baina ordukoak ere ez ziren garai makalak izan», dio Gerardo Elortza historialari oñatiarrak.

Omenaldia 1929an, Zaldibian. Aita Donostia hitzaldia egiten.

Omenaldia 1929an, Zaldibian. Aita Donostia hitzaldia egiten.

Deskribapen fisikoak ere lagundu zion espiritu mugituari: «Gorputz txikia, gaztaina koloreko ilea eta betileak, bizar itxia, begirada bizia; argia eta maltzur samarra izatez, hitz egitean diplomaziaz eta abileziaz bere asmoak ezagutzen iaioa». ‘Txuri’ ezizenez ezagutzen zen.

47 urterekin, honelakoa zen: «baxu samarra, aurpegi ederra, ile luze eta bekainak gaztaina kolorekoak, sudur zorrotza, kopeta normala eta bizar itxia».

Hiru aldiz ezkondu zen. Denera 10 ume izan zituen. Bigarren emaztea, Kontxesi famatua (bertsoak eskaini zizkiolako), Azpeitiko kartzelan ezagutu zuela dirudi. Preso zegoela jaio zen haien lehenengo alaba.

Ospearen fruitu gozoa dastatzeko aukera 1824an iritsi zaion. Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaria liburuak fama eman zion, laudorioak jaso zituen, eta goi harremanak inguratu zizkion. Ideologiaz liberala baina foruzalea, Donostiako polizia-gorputzean sartu zen orduan, Lehorreko Ateko zaindari. Diputazioaren sail horretan segitu zuen, eta erretiratutakoan jubilazio-sari bat ere lortu zuen, egunean 6 errealekoa. Iztuetaren idatziak eta liburuak goxoki oso zaporetsuak ziren aldundiarentzat ere. Hildakoan, Probintziaren esku uzteko tratua egin zuten.

Aurreratua ekintzetan

Liburuak argiratu zituen, batere merkea eta erraza (zentsuragatik) ez zenean. Musika partiturak idatzi zituen, Pedro Albeniz musikariarekin, batere ohikoa ez zenean. «Liburu harekin benetako polibalentria egin zuen. Musika argitaratzea ez zen batere normala», dio Jose Inazio Antsorena Piter musikari donostiarrak.

Euskaraz idatzi zuen, mespretxatua zegoenean. «Horrez gain, Iztuetak bizi zuen munduko ohiturak eta eguneroko gauzak aldatzen ari ziren. Oso dantzari ona izan zen. Dantza tradizionalen ordez, Europatik kontradantzen moda etorri zen, eta zaharrak galtzen ari zirela ikusi zuen. «Euskal kulturaren eta dantzen ikuspuntutik, Iztueta benetako altxor emaile eta gordetzaile izan zen. 250 urtera gogoratzen gara, oraindik», goraipatu du Antsorenak.

Euskararen erabateko apologista, defendatzaile sutsua izan zen Iztueta. «Iturriaga hernaniarrak eta Iztuetak mantendu zuten euskararenganako abegia. Foruzaleak ziren, baina liberalak eta euskaltzaleak. Euskara eskoletan erakutsi behar zela defendatu zuten», dio Elortza historialariak.

Gipuzkoako Probintziaren kondaira liburua argitaratu zioten, hil ondoren. Datu eta jakingarri ugari utzi zituen han ere.

Irastortza herrikideak Iztuetaren lana eta figura aldarrikatu ditu: «Garai bakoitzak ikuspegi bat eman dio Iztuetari. Bere garaiaren eta ondorengo mendeen biktima izan zen. Iztuetak mito bezala ez dauka indarrik, bere orbanak dauzkalako. Baina ez da gizon txoro bat». Oraindik dantzan badabil ere.

Maquetación 1

Iztueta jaio zeneko 250. urtemuga goitik ospatuko dute

Juan Inazio Iztuetari sorterrian egingo zaion bosgarren omenaldia azaroaren 16tik 29ra luzatuko da. Bitarte horretan, Iztueta Elkarteak erakusketa jarriko du, Karreanen.

Jose Inazio Antsorena ‘Piter’-ek hitzaldia egingo du azaroaren 16an (18:30). ‘Juan Inazio Iztueta: bizarra urdina, baina txit arina’. Aitor Furundarenak soinuarekin lagunduko dio.

Azaroaren 18an, Iztuetaren testuen irakurketa ibiltaria izango da: Mugertza, Zubiondo, plaza, Madalenane eta Txamarretxe zeharkatuko dira, 12:00etan hasita. 18:30ean, Zaldibiako lehengo eta oraingo dantzariek saioa dute, Resti frontoian.

Bigarren hitzaldia Gerardo Elortza historialariak egingo du, azaroaren 23an (18:30): ‘Iztuetaren garaia eta lanak’.

Azaroaren 26an, igandea, Donostiako, Zaldibiako eta Goierriko txistulariek, eta Euskal Dantzarien Biltzarrak gonbidatutako dantzariek saioa egingo dute, Zaldibian. 29an, herrietan dantza saio bereziak egingo dira (18:30).

Iztuetari buruz Mikel Sarriegi dantzari eta ikertzaileari egindako elkarrizketa irakurtzeko klikatu hemen.

MIKEL_SARRIEGI_DANTZARI_BE(1)

Dokumentuaren akzioak