Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Izarren artean dantza egitera joan da Béjart koreografo frantziarra

Dokumentuaren akzioak

Izarren artean dantza egitera joan da Béjart koreografo frantziarra

Egilea
Eneritz Zabaleta
Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2007/11/23

Maurice Béjart, dantza zuzendari eta koreografo frantziarra atzo zendu zen Lausanan (Suitza), 80 urte zituela. Azken hilabetean, Lausanako ospitalera egindako azken joan-etorria izan zuen atzo, eta horrela amaitu zen dantza «operetatik kiroldegietara» eraman zuen koreografo frantziar honen ibilbidea.

«Dagoeneko izarrak dantzan jartzen arituko da segurki», adierazi zuen Patrick Dupond dantzari ohi eta Béjarten adiskideak. 1927ko urtarrilaren 1ean Marsellan sortutako koreografoa honen lana, dantzaren historiako liburuan urrezko hizkiz idatzita geldituko da. Dantza, lehenago eliteari zuzendua zegoena, era guztietako publikoari zabaltzea lortu zuen Béjartek. Haren koregrafia ausartek, publikoa dantza garaikideari hurbiltzea lortu zuten. Nahiz eta Béjartek berak, haren lanen artean agian hain txarrak ez ziren bost edo sei bakarrik zeudela erran, eta balet txar anitz egiteagatik lotsa sentitu zuela adierazi, bere hainbat lan dantzaren ondarean sartu dira. Horrela gertatu da, erraterako, «Gizon bakar baterako sinfonia» (1955) haren lehendabiziko lanarekin, bai eta «Boleroa» (1960), «Romeo eta Julieta» (1966), «Malraux» (1986) eta «Haur errege» (2000) lanekin ere.

1960ko hamarkadan, Béjart (abizena Molièren Armande Béjart emaztearen omenez hartu zuen), Frantziarekin haserretu -«sekula ez dut sosik jaso Frantziako gobernutik» esan ohi zuen-, eta Belgikatik eraiki zuen haren obra artistikoa. Azken 20 urteetan, Lausanako Béjart Balletaren (BLL) zuzendari izan zen. Orotara 140 bat koreografiaz osatutako uzta oparoa eskaini dio Béjartek dantzari. Alta, haren lanen oparotasuna baino, dantza publiko zabalari hedatzea da utzi duen herentziarik garrantzitsuena: «haren datzak, arte ikuspegi hutsetik ez dira iraultzaileak izan. Dantzari ekarri dion benetako iraultza, dantza jendearengana hurbiltzea izan da. Béjarti esker, dantza publikoarengana iritsi da lehen aldiz. Lehen, dantza operetako elite batentzat erreserbatuta zegoen. Béjartek jakin du joera hori aldatu, eta gizartera hedatzen» erran digu Filgi Claverie, Maitaldiko zuzendari artistikoak. «Bidaiaria zen Béjart, eta bidaiek mestizaia ekarri zuten bere dantzetara».

«Komunikatzaile aparta»

Mundu osoan zehar bidaiatzen eta dantza aberasteko ikerketan aritu zen Béjart; Euskal Herrira ere etorri zen. Biarritzera birritan etorri zen koreografoa, bertako Maitaldia dantza jaialdiaren karietara. 1998. urtean etorri zen bigarren aldiz. Filgi Claveriek gogoan dauka garai hori: «Biarritzera etortzera gonbidatu genuen. Oroitzen naiz gogotsu nintzela, ez baita egunero horrelako pertsonaia handi baten bisita izaten. Zinez gogoan gelditu zaidana, Béjarten sinpletasuna da. Biziki gizon goxoa zen, atsegina. Oso harreman sinplekoa zen, eta ederki igaro genituen egun hauek».

Béjartek Biarritzen igarotako egunak, Parisen berantago estreinatu behar zuen «Les jardins du presbytère» obra prestatzeko lan entseguak egiteko baliatu zuen: «izugarrizko oparia egin zigun. Parisen estreinatuko zuen obra lantzen ari zen. Hiru lan emanaldi egin zituen, eta aldi oro gela mukuru betea zegoen. Izugarria dena da, hiru emanaldietan, oholtzara igo, eta ikusleei koreografia esplikatzen aritu zela. Zorte ikaragarria izan zen hori guretzat» erantsi zuen Claveriek.

Béjart dantza koreografoaz gain, Maurice pertsonak ere oroitzapen biziak utzi zizkion Claverieri: «komunikatzaile aparta zen. Begietara begiratzen zizularik, ezin zenuen beste alde batera begiratu». Pertsonaiaren umiltasuna ere azpimarratu zigun Claveriek: «Biarritzera etorri zen lehen aldian, zuzenean geltoki zaharreko antzokira jin zen. Oraindik gogoan dut nola lanean ari ziren teknikari guztiei banan-banan eskua eman eta haien lana eskertu zien. Ehundaka koreografo pasatu dira Maitalditik. Jarrera hori ukan dutenak neure eskuko behatzekin konta ditzaket».

p055_F02_97X232.jpg

Dokumentuaren akzioak