Dokumentuaren akzioak
IV. Dantzari Txikien eguna ospatuko da heldu den igandean, Oiartzunen
Bederatzi dantza taldek alaituko dituzte herriko bazterrak; denera 300 dantzari elkartuko dira
Haurtzaro Dantza Taldeak eta Udalak antolatuta, IV. Dantzari Txikien eguna ospatuko da heldu den igandean, hilaren 24an. Bederatzi herriko 300 dantzari inguru elkartuko dira, eta urtean zehar landu dituzten hainbat ikuskizun eskainiko dituzte.
Euskal Herritik etorritako bederatzi taldek goizeko 10:30ean bilduko dira Haurtzaro Ikastolan: Gipuzkoatik Beasaingo Aurtzaka taldea, Tolosako Udaberri taldea, Lezoko Murixka taldea, Errenteriako Ereintza taldea, Zumaiako dantza taldea eta Oiartzungo Elizalde eta Haurtzaro dantza taldeak; Gasteizeko Indarra taldea eta Iruñeko Eugi taldea.
Esan bezala, dantzariak Haur- tzaro ikastolan elkartuko dira eta handik abiatuko dira goizeko 11:30ean, herrian zehar desfilean. Aldi berean, dantza saioak eskainiko dituzte herriko kaleetan zehar, ordu eta erdiz, 13:00ak arte. Orduan Done Eztebe plazan dantzari guztien emanaldia hasiko da, eta oroimenen banaketari ekingo diote. Horren ondoren, dantzari guztiek Haurtzaro ikastolako jantokian bazkalduko dute.
Arratsaldean, 16:30ean dantzari guztiak bildu eta kalejiran igoko dira plazara. Erromeria izango da gero Doneztebe plazan, 17:00etatik 19:00etara.
Dokumentuaren akzioak