Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itzulera (1979)

Dokumentuaren akzioak

Itzulera (1979)

Egilea
Urko Apaolaza Avila
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2026/02/18
Lotura
Argia

 

Libertatearen sinbolo izaki, erregimen frankistak inauteriak kalendariotik ezabatu zituen egun batetik bestera: “Este Gobierno General ha resuelto suspender en absoluto las fiestas del Carnaval” (Gobernu Orokor honek erabaki du guztiz debekatzea Inauterietako festak), zioen 1937ko otsailaren 2ko zirkularrak. Etena debeku bilakatu zen urteen poderioz. Baina ez zen hain guztiz izan: gutxi batzuek jarraitu zuten, Tolosako inauteri urbanoak kasu, “neguko festa” moduan, kritika sozialik eta satirarik gabe.

1937ko otsailaren 5eko zirkularra, Luis Valdes militarrak Valladoliden sinatua.

Debekua behin eta berriz gogorarazi zuten agintari frnakistek. Irudian, probintzia guztietara bidalitako Telegrama, 1937ko eta 1940ko erabakian gogorarazten.

Nafar mendialdean inauteriek ozta-ozta iraun zuten eta Lantzen gerraostean desagertzeko zorian izan ziren. Baina 1964an Caro Baroja anaiek NO-DOarentzat dokumental bat egin behar zutenez, adinekoei testigantzak hartu eta suspertu egin zituzten: “Gazteak kezkatuta daude, etorkizunean berriz egin ote daitezkeen”, zioen Juliok, anai etnografoak. Aitzitik, Lantzeko inauteriek segida izan zuten eta ezagun egin ziren hurrengo urteetan.

Julio Caro Barojak ‘Principe de Viana’ aldizkarian argitaratu zuen Lantzen izandako esperientzia, argazkiak eta guzti. Azaltzen duenez, 1964an inauteriak berriz egin zituztenean dantzan soilik gizonezkoek hartu zuten parte, “de mozos solos”, zioen.

Goiko irudia Luis Otaegik atera zuen 1979an. Urte hartan inauteriak Hego Euskal Herri osoan ospatu ziren, 43 urteren ostean: Gasteizen Indarra dantza taldearen konpartsa, Donostian 4.000 lagun “armairu zaharretatik ateratako jantziez” mozorrotuta (ARGIA, 822. zk.)… Amazon Prime gabe eta soilik irudimena lagun, umorea, alaitasuna eta kritika nagusi izan ziren, guztiz.

1979ko inauteriak Donostian. Argazkia: Txema Ormazabal eta Arturo Delgado / ARGIA Fototeka

1979ko inauteriak Donostian, Luis Otaegik teknika berezi batekin errebelaturiko irudi batean. Argazkia: Luis Otaegi / ARGIA Fototeka

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Luis Otaegi / ARGIA Fototeka

 

Dokumentuaren akzioak