Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itxura itxurakeria bihurtzen denekoa

Dokumentuaren akzioak

Itxura itxurakeria bihurtzen denekoa

Asier Zabaletaren Ertza konpainiak 'Look' obra estreinatuko du Gazteszenan

Egilea
Ainara gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/05/12

Babia aurreko dantza ikuskizuna prestatzen ari zenean hasi zen itxuraren gainean gogoeta egiten koreografoa. Intimitatean pertsonak nola jokatzen duen aztertu dute oraindik han-hemenka ikus daitekeen lan horretan; «geure buruarekin nolako bakarrizketak edukitzen ditugun erakusten dugu». Bakardadean egiten diren keinu horietan itxurarekiko kezka nabarmentzen zela ohartu zen Zabaleta; «bakarrik egonda ere, besteen aurrean emango dugun irudiaren gaineko kezka antzematen zen». Eta hortik Look koreografia sortu du. Babia-n norbanakoaren barrualdea arakatu ostean, kanpora begira jarri da. «Naturala den eran, erabat aldatu nahi nuen ikuspuntua». Look itxura da, eta look begiratu da.

Itxuraz hausnartzen jarri da, bada, koreografoa: «Itxurari eta itxurakeriari dagozkien ohitura asko ditugu umetatik barneratuak. Hezkuntzatik, familiatik, parte hartu nahi dugun giza talde horretatik zuzenean hartzen ditugu». Hartu eta barneratu. Ez pentsatu eta ezta hausnartu ere. Badaezpada ere.

Eta non dago itxuraren eta itxurakeriaren arteko muga? «Kezka sortu zitzaidan itxuraren kontuan muga non jartzen dugun. Itxura da askotan lehen begiradan giza talde batetik edo pertsona batengatik hartzen duguna, eta itxura horrek askotan izateko modu bat ekartzen du. Izateko modu batek dakar janzteko, jokatzeko, itxura bat edukitzeko modua, ala alderantziz da? Itxura batek behartzen gaitu modu batera jantzi, jokatu eta hitz egitera?».

Hausnarketa horiek guztiak dantzaren bidez azalduko dituzte, noski, baina ez dantzaren bidez soilik: bideoaz eta antzerkiaz ere baliatuko dira dantzariak horretarako. Dantza, antzerkia eta bideoa fusionatu egingo dira, «ikuslea ohar ez dadin noiz zein hizkuntzatan dabilen». Asier Zabaleta bera, Pilar Andres eta Helena Golab dantzariak beren irudiarekin borrokatuko dira.

Obra narratibo bat baino gehiago, eszenaz josiriko obra bat da Look. «Ikusleak bere burua identifikatzeko moduko jokamolde eta eszenak aurkituko ditu». Zehaztasuna baino gehiago, koordenadak. Estetikaren edertasunean gelditzen den dantza baino gehiago interesatzen zaio egia bati lotua dagoen edertasuna bilatzen duen dantza. Horregatik jotzen du dantza-teatroaren bidetik. Eta emozioen bidetik.

Itxurak eta ironiak batuko dituzte dantza, antzerkia eta bideoa. Zirikatu egin nahi dute ikuslea dantzariek. Horretarako, baliatuko dira ironiaz. «Gure iritzia eta ikuspegia sotilki sartuko dugu ironiaren bidez, ez dugu iritzia zehatz-mehatz azalduko». Galderak egingo dituzte ikuskizunaren bidez. «Guk geuk obra hau prestatzean geure buruari egin dizkiogun galderak ikusleak bere buruari egin diezazkion nahi dugu».

Obra: 'Look' Lekua: Donostiako Gazteszenan. Eguna: Bihar Ordua: 20:00etan.

############

«Itxurari eta itxurakeriari dagozkien ohitura asko ditugu umetatik barneratuak»

«Izateko modu batek dakar janzteko modua ala itxura batek behartzen gaitu modu batera janztera?»

asier zabaleta

Koreografo eta dantzaria

Dokumentuaren akzioak