Dokumentuaren akzioak
Itxartu dantzari taldea pozik bueltatu da Argentinako Euskal Astetik, han bizi izandakoak gogoan
Urri hondarrean Argentinan izan zdira Itxartu Dantzari Taldeko 26 lagun, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak gonbidatuta, Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartzen. Bertara heldu aurretik Concordian izan zen taldea, beste herri argentinar honetako Ibaiko Izarra-ko euskaldunen deiari erantzunez. Itxartuk kale-emanaldia eskaini zuen Concordiako Udaletxe aurrean eta lagun asko bildu ziren ekitaldia ikustera. Ondoren Iguazuko ur-jauzia ezagutzeko hiru eguneko txangoa egin zuten.
[Itxarturen emanaldia Concordiako kaleetan (argazkia Itxartu)]
[Iguazu ur-jauziak ezagutzeko aukera ere izan zuten Itxartuko lagunek (argazkia Itxartu)]
Iguazutik taldea Rosariora joan zen, Euskal Astearen asteburuko programan parte hartzeko. Rosarion etxean bezala sentitu ziren, izan ere taldeak Zazpirak Bat elkartearekin aspalditik du harremana. Itxartuko bi dantzari, Irune Padró eta Xabier Fernandez de Labastida, bi aldiz izan dira Rosarion euskal dantza ikastaroak ematen eta iaz Rosarioko bi dantzari etorri ziren Getxora.
[Itxartuko dantzariak Argentinako Euskal Astera heldu berri (argazkia Itxartu)]
"Jendearekin oso gustura ibili gara, gainera, Euskal Herrian ezagututako lagun euskal argentinar asko topatu genituen", azaldu dio EuskalKultura.com-i taldeko kide Begoña Zuazolak. Urriaren 26an Rosarioko El Circulo antzokian parte hartu zuten emanaldia gogoangarria izan zela aitortzen du Zuazolak.
"Gurea ordubeteko emanaldia izan zen, ikuslegoan 1.400 lagun, eta amaieran jendea zutik jarri zen". Taldearekin batera Urko, Naia Robles eta Natxo Knörr kantariak, Maral talde euskal-argentinarra eta Villa Mercedeseko Euskal Etxeko abesbatza aritu ziren ekitaldian.
[Auritze dantzatzen Rosarioko El Circulo antzokian (argazkia Itxartu)]
Bidaiara abiatu aurretik Diasporaren berri izanik ere, zenbait gauzek harritu egin dituztela dio Zuazolak. "Adibidez, jendeak zelan bizi duen euskal dantza. Rosarion Argentinako 25 talde izan ziren, eta batzuetan apur bat nahas badaitezke ere, gehienek maila ona dute. Harrigarria da ere zeinen abertzaleak diren, oso sakon bizi baitute Euskadi, hain urrun eta hain hurbil".
[Itxartuko dantzariak taulagainean Rosarioko lagunekin (argazkia Itxartu)]
-Itxartu dantzari taldearen webgunea, hemen
Dokumentuaren akzioak