Itxaropen Euskal Etxeko bazkide, lagun eta dantzariek osatutako konpartsa koloretsu batek parte hartuko du otsailaren 18 eta 19ko gauetan Saladilloko Udalak antolatutako inauterietan, inauteri denboraldiari amaiera emanez. Murga eta batukada klasikoen artean, Anaitasunako dantzariak eta euren txatxo-kohortea nekez pasatuko dira oharkabean Mariano Acosta etorbideko korsodromoan.
Euskal Herriko inauterietako zenbait pertsonaia irudikatuko dituzte. Txistu eta danbolinaren erritmoak lagun, dantza taldea, Miacela Gaggiottiren eskutik, etorbidean barrena ibiliko da Lantzeko Inauteriak dantzatuz, baina beste euskal doinu batzuk ere entzungo dira, haiekin batera doazen partaideak aske dantza daitezen.
Itxaropen Euskal Etxeak herriko inauterietan parte hartzen duen lehen aldia ez bada ere —gogora dezagun, esaterako, 2015ean gizataldeen inguruko konpartsa batekin kaleratu zela—, oraingo honetan "Ideia sortu da helduek osatutako dantza taldea Lantzeko inauteria dantzatzen hasi ginenean. Orduan, kideetako batek gure hiriko inauterietan euskal inauterietako pertsonaiak aurkeztea proposatu zuen”, azaldu dio Euskalkultura.eus-i euskal etxeko batzordekide Silvina Bordenavek.
Gonbitea gainerako euskal etxeei eta lagunei
Horretarako, euskal etxeko bazkideei ez ezik, Saladilloko komunitate osoari luzatu diote deia eta, apurka-apurka, haurrak, helduak eta familia osoak ere bat egiten ari dira deialdiarekin. “Gaineraklo euskal etxeei ere gonbitea luzatu diegu eta parte hartzera bertaratzea espero dugu, oso polita izango bailitzateke”, aitortu digu Silvina, Itxaropeneko dantzari eta lehendakari ohiak.
Saladilloko kideekin harremantzeko, edota informazio gehiago eskuratzeko, idatzi 54 2345-41-2824 telefonora.