21:30ean izan zen Korrontziren kontzertua atzo, Alberto Acero plazan. Pittin bat beranduago hasi bazen ere, jendetza erakarri zuen kultur ekitaldiak. Izan ere, herriko bi dantza talderen parte hartzea iragarria zegoen. Batetik, Itxarkundia dantza taldearena, eta bestetik, Akelarre eragilearena.
Guztira, 17 abesti jo zituen taldeak, eta trikiti doinuez gain, pandero hotsak izan ziren nagusi. Hain zuzen, Aitor Aspuru dantzari eta panderojole aiaraldearra izan zen gonbidatu berezietako bat, askotan taularatu izan dena talde horrekin.
Arratsaldea euritan igaro bazuten ere, laudioarrek ez zuten hutsik egin eta jende ugari bertaratu zen dantzari eta trikitilarien emanaldiaz gozatzera. Ondoren, Erroketxu txakurraren erreketa kalejirarekin agurtu zituzten jaiak.