Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itsasuko kabalkada gogoangarria

Dokumentuaren akzioak

Itsasuko kabalkada gogoangarria

Azken hamarkadan kabalkada-toberak indar handia hartzen ari dira Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Garai zaharretako toberak bortitzak ziren, ohiko gizartetik kanpo zena modu gogorrean kritikatzen eta jazartzen zutenak. Baina hori jadanik ahantzia da, gaur kritikak modu umoretsuan egiten dira, nehor infernuko garretara kondenatu gabe. Eta herritarrek jakin dute tobera berri hori preziatzen eta maitatzen. Urtero badira toberak eta heldu diren urteetarako berriak iragartzen dira. Aurten Itsasun pasatu berria dugu, arrakasta handiaz gainera, eta Aiherrak berea jokatuko du buruilaren 22an eta 29an. Beraz, badugu zer ikusi eta zertaz goza.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Zuzeu
Mota
Albistea
Data
2019/09/15
Lotura
Zuzeu

Itsasuko kabalkada gogoangarria

1.- Itsasuko kabalkaden historia laburra.

Itsasu beti izan da tobera edo kabalkaden herria. Jakin badakigu 1849an, 1853an, 1859an, 1865ean, 1876an, 1883an, 1892an, 1899an, 1937an, 1992an, 1994an, 1997an, 2001ean, 2007an eta 2012an kabalkada jokatu zutela, eta horietaz gain, 1889an jokatu behar zutena debekatua izan zela. Beraz, belaunaldiz belaunaldi, itsasuiarrek kabalkada-tobera egin dute eta ondorioz, ederki ezagutzen dituzte toberaren nondik norakoak. Azkena, lehen erran dudan bezala, duela zazpi urte jokatu zuten, hau da, 2012. urtean. Giro horretan sortuak dira Xabier Itzaina historialari eta antropologoa, toberaren inguruan ainitz idatzi eta teorizatu duena eta Beñat Lazkano musikari eta tobera-idazlea. Erraiten ahal dugu, beraz, itsasuiarren tobera-zaletasuna antzinatik datorkiela eta  kabalkada jokatzen indar handiz jarraitzen dutela.

Aurtengo kabalkada-toberaren antolakuntzan lau gazte ibili dira buru-belarri, Maiana Agerre, Joana Saint-Pierre, Patxi Laskarai eta Patxi Casenave. Lau gazte hauek bildu dituzte gainerako guztiak, dantzariak trebatu dituzte, eta Xabier Itzainaren, Beñat Lazkanoren eta Jokin Irungarai polifazetikoaren laguntzaz proiektua aitzinatu dute. Hainbat belaunaldi bildu dira proiektuaren inguruan, belaunaldi gazteak tobera zaharretan parte hartu ez zutenak, eta aitzineko toberetan parte hartutako belaunaldiak. 130 dantzari, 30 bat jokalari, musikariak, jostunak… , zinez ikaragarria!

Bi emanaldi antolatu dituzte, lehena agorrilaren 25ean izan zen eta bigarrena irailaren 7an, eta bietan Itsasuko plaza jendez gainezka egon zen, harmailak eta gainerako xokoak leporaino bete-beteak.

 

2.- Aurtengo kabalkadaren egitura eta ezaugarriak.

Irailaren 7an, larunbatarekin, hau da, bigarren emanaldiaren karira, Itsasura hurbildu nintzen hainbat adiskiderekin. Arratsaldeko 4etarako jendea harmailetan jartzen hasia zen, eta 4,45etarako plaza jendez mukuru zegoen. Bostetan, ttanko, kabalkada koloretsu eta alegera plazara sartzen hasi zen. Hasieran zaldizkoak –bi marixal eta bi andere xuri–  eta horien gibeletik gainerako guzti-guztiak: makilariak, oilarrak, zapurrak, banderariak, bolantak, basandereak, andere xuriak, kaskarotak, soinulariak, dantzariak, jaun jujea, jaun abokatak, uxerra eta bukatzeko zirtzil tropa galanta zozokeriak egiten. Plazan ohiko itzulia egin ondoren, Datozkigunak izeneko toberari hasiera eman zioten. Eguraldi ederra zen eta Baigurako eta Artzamendiko gailur, oihan eta pentzeak ezin ederrago ikus genitzakeen plazatik.

Lehen gertaldiaren hasieran Amets Arzalluz eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek bazterrak berotu zituzten. Berehala dantzari trebeek ikusgarriari segida eman zioten, Gabota solemne batez hasieran eta Ainhoarrak berezi batez ondoren. Bigarren dantza hori urratsik eman gabe, hau da, gogoz, egin zuten,  oholtzatik plaza erdira jaitsirik ziren musikariek emanik. Osora bi arrabita, ttunttuna, xirula eta tabala.

Gertaldi honetan uxerra (Jokin Irungaraik jokaturik) Itsasuko aferak zuritu nahian ibili zen. Zirtzilak, haserreturik, inarrosi zitzaizkion.

Lehen gertaldi honetan hainbat egoera eta garai aurkeztu zituzten, aro zaharretan etorri ziren erromatarren garaietan hasiz eta iaz Sud-mines proiektuarekin ibili zirenekin amaituz. Erromatarrek harridura eta irriak sortarazi zituzten haien mugimendu eta hizkera bereziarekin. Alimaleko katapulta batekin ere ibili ziren jaurtigaiak botatzen.

Bigarren gertaldia ere lehena bezain ederra eta airosa izan zen. Hastapenetan bi bertsolariek jokatu behar zena argitu ziguten eta gero dantzarien txanda izan zen. Dantzariek fandango eta arin-arin eder-ederrak eta sobera airosak zituzten dantzatu.

Itsasuko kabalkada gogoangarria

 

Gertaldi honetan Itsasun azken urteetan izan diren ika-mikak ekarri zizkiguten gogora, hasieran Balaki trinketaren okupazioa eta gero Marienia izeneko lurren inguruko eztabaida. Biak gai minberak, herrian alde bateko eta kontrako iritziak eta jarrerak izan baitziren. Trinketako gaia biziki koloretsua izan zen, hor azaldu baitziren gazteak eta pilotariak kapeluaz eta aurpegia estalirik. Auzapeza ere galtzontziloetan agertu zen bere iritzia defendatuz. Marieneko afera ere aski gogorra izan zen, laborari eremu horretan kadirak egiteko lantegi bat egin nahi izan baitzuten, eta itsasuiarrak banaturik azaldu baitziren aldeko edo aurkako jarreretan. Itsasura azken hamarkadetan bizitzera etorritako kanpotarren gaia ere jorratu zuten, eta hor ibili ziren uxerra eta jaun abokatak mokoka. Hauxe zen jujeak plazaratu zuen galdera: Itsasura bizitzera datozen kanpotiarrak hobendun bai ala ez?

Hirugarren gertaldiaren hasieran bi bertsolariek ohiko saio ederra egin zuten eta ondoren dantzariek Euskaldunak eta Sorginak hasieran eta Dantza luzea gero airoski dantzatu zituzten publikoaren txaloaldi bero-beroak jasoz. 130 dantzari osora. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez, alajaina!

Azken gertaldi honetan kanpotiarren gaia izan zen nagusi. Hala eta guztiz ere, denbora izan zuten G7-ko bilera ospetsu horretara etorritako jauntto-andereez irri egiteko, eta Bizi mugimenduaz parodiatzeko. Hainbat jaka hori ere plazara atera ziren G-7-koei aitzin egitera. Venezuelatik herrira etorritako Jim Tonik izeneko gimnastika-irakaslea ere mintzagai izan zuten, irriak eta algarak sortaraziz. Gertaldiaren bukaeran auzitegiko pertsonaien deliberoaren tenorea izan zen. Uxerrak garbi agertu zuen biziki gai zaila eta korapilatsua zela eta horregatik, delibero bateratu bat emateko orduan, ezinezkoa egiten zitzaienez, azken hitza itsasuiarren esku uzten zutela.

Gero, bertsolarien azken agurra izan zen, aurrekoak bezain ederrak eta txalotuak izan zirenak, ondoren makilarien jokoa eta parte-hartzaile guztien azken kantua, oraingo honetan Filipe Laskaraik, Itsasoari begira kantuaren doinuaz egina. Horra hor:

1.- Alderik alde zilatzen duen / Errobi ibai hertzeak / Baxenabarre, Nafar, Lapurdi / josten bata ta bertzeak / lur emankorra bizi emaile / toki eder ta bortitzak, / harrespil eta etxebaratzak, / gure arbasoen hatzak / aspalditik du jendea hazi / Itsasuko baratzeak. //

2.- Arrokagarai eta Atharri / mendialdeen harresi, / Atekaitz ere hauen geriza / xendera bihur ta hertsi / zintzur ederra delarik jasta, / gero denak du merezi, / Frantziako historiak ere / leiendaz dauku ebatsi / bazter kolore oro lilura / Hor zitaiken dena hasi? //

3.- Iraultzan berriz dena ernegu / Herria zuen irauli / Hango legea hemen ez hobe / hemengoak dira bali / euskal lege ta kostuma zaharren / defentsan denak gudari / libre ta berdin nahi gintuzten / kenduz dena herriari / kanpoan herritarrak gatibu / gutti ziren handik jali. //

4.- Gibelarten izokin jendeak / tiraka jana urari / Gerasto, Olasur ta Basaburun / makurturik  hazka lurrari / Herrian: dantzan gerezi puntan / ta plazan lau pilotari / Elizakoak denak sosegu / Panekau hedatzen ari. / Nola herria zaindu oraino / izan dadin laborari?  //

5.- Zeru gaineko arrano soak / Itsasuren ikusmira / iduri euskal herri ttipi bat / handiaren sinadura / Euskaraz elez ta kantuz plazan / kabalkadaren harira. / Azken arnasa eman nahi nuke, / ez dadin izan itxura, / azken arnasa eman nahi nuke / Artzamendiri begira.

Kantu eder, umoretsu eta zirraragarria bukatu bezain laster, parte-hartzaile guztiek azken itzuliari ekin zioten, zaldizkoak eta guzti. Horrela soinuz eta dantzaz plazatik urrundu ziren. Uxerra gilotina baten barruan zeramaten. Gaixoa! Ondoren, jendea plazatik gertu ezarri zuten ostatuaren inguruan bildu zen. Bazen zer jan eta zer edan. Kabalkadako soinulariek dantza-jauziak jo zituzten eta jende ainitz ari izan zen dantzari. Gero, arratseko azken orduetan, Kontrabanda taldeak eskaini erromeriak amaiera goxoa eman zion egunari.

Itsasuko kabalkada gogoangarria

3.- Nire iritzia Itsasuko kabalkada-toberaz.

Jakin badakigu denok, Itsasuk kabalkadak eta tobera-munstrak maite dituela eta horretan aski trebe direla. 2012an eskaini zuten Iraul Story izenekoan ederki erakutsi zuten haien trebezia, baina oraingo honetan langa izugarri goian ezarri dutela iduritzen zait. Eta ez da nire iritzia, bakarrik, bazter guztietan eta edonoren ahotik gauza bera entzun baitzitekeen. Gaiak aski ongi jorratuak, umore handiko pasarteak, arropak eta jokoak izugarri ederrak, 130 dantzari iaio eta airos, zahar eta gazte, testua biziki ona, musikari apartak…, zer gehiago eska dakioke kabalkada bati?

Publikoa loriatua zen, irri ainitz eginik, eta dantzez, jokoez eta kantuaz liluraturik. Itsasuiarrek kabalkadak egiten maisu eta txapeldun direla, berriz ere, ontsa frogatu digute. Azken hamarkadetan kabalkadak loraldi ederra ukan du Lapurdin eta Baxenafarroan, kabalkada eder-ederrak ikusi ditugu, doike! baina oraingo honekin kabalkadak bere gailurra jo duela uste dut  nik.

Dena den, bada oraino zer egin kabalkada eta toberen arloan, dudarik gabe, eta kabalkada eder honen gibeletik etorriko direnak ildo beretik etorriko zaizkigula uste dut. Kabalkadetan xederik garrantzitsuena herritarrak euskarazko proiektu baten inguruan biltzea eta haien elkar ezagutza bultzatzea da. Hortik datorkigu kabalkadaren indarra. Laster, irailaren 22an eta 29an Aiherrako kabalkadaz gozatzeko aukera paregabea izanen dugu, eta hau ere, biziki ederra izanen delakoan nauzue.

Dokumentuaren akzioak