Dokumentuaren akzioak
Itsasiren emanaldiarekin hasiko da zapatuan Azpeitia Dantzan egitasmoa
Uda sasoiarekin batera iritsiko da herrira Azpeitia Dantzan egitasmoa. Zapatuan izango da lehen emanaldia, eta hurrengo bi asteburuetan ere saio bana izango da. Herriko dantza taldeak izango dira protagonista; hain zuzen ere, Itsasi dantza taldeak, Dantzaki areto dantzen eskolako kideek eta Sahatsa dantza taldekoek eskainiko dituzte emanaldiak.
Lehen ikuskizuna Itsasik eskainiko du larunbatean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Aitzina pika izena jarri diote emanaldiari, Zuberoako dantzetako urrats bati eta Maskaradetako dantza jauzi bati erreferentzia eginez. Hori horrela izanik, ikusleak Zuberoako Maskaradetan murgiltzeko aukera izango du zapatuan, tradizioari eta berrikuntzari lotutako hainbat dantza eskainiko baitute bertan. Zuberoako dantzak ez ezik, ordea, Euskal Herriko gainerako lurraldeetako dantzak ere egingo dituzte dantzariek, baita Itsasik sortutako koreografia bat ere.
Bigarren emanaldia hurrengo igandean, uztailaren 7an, izango da. Jose Mari Orbegozoren Dantzaki areto dantzen eskolako kideak izango dira protagonista, 20:00etatik aurrera Soreasu antzokiko agertokian. Askotariko doinuak eta dantzak ikusi ahal izango dira bertan. Hirugarren eta azken ikuskizuna Sahatsa dantza taldeak eskainiko du hilaren 13an, larunbatez. Juan Luis Lizabek zuzentzen duen taldeak Bizkaia, soineko zuriz jantzia ikuskizuna egingo du kalean. Azken urteetako moduan, Plaza Txikian hasiko dute emanaldia 20:00etan, eta plazan jarraituko dute saioarekin.
Dokumentuaren akzioak