Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itsasi taldeak liburua eta bideoa aurkeztuko ditu larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Itsasi taldeak liburua eta bideoa aurkeztuko ditu larunbatean

Itsasi Kultur Taldearen 25. urteurrena

Komunikabidea
Uztarria.com
Mota
Albistea
Data
2002/09/11

Hasiera batetan aurkezpena abuztua baino lehen egiteko asmoa zuten Itsasikoek, baina azken orduko arazo batzuk medio irailerako uztea erabaki zuten. Azkenean, irailaren 14ean, datorren larunbatean, talde azpeitiarraren oroitzapen kolektiboaren adierazpena izan nahi duten liburua eta bideoa ezagutzeko aukera izango dugu. Aitonenako aretoan, eguerdiko 12:30ean aurkeztuko diren liburu eta bideoak urte hauetan zehar Itsasiko partaide izan direnen lekukotasunak biltzen dituzte.



Liburua Nekane Larrañaga eta Joxe Luis Aizpururen artean idatzi dute, eta Xabier Briz eta Agustin Lizarralde izan dira berriz bideoaren egileak.



Urtean zehar egindakoak

Uztarria.com honetan Itsasi Kultur Elkarteak taldearen 25. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldien berri behin baino gehiagotan eman dugu. Izan ere itsasikoek taldearen lehen 25 urteak ospatzeko hainbat ekimen burutu dituzte urtean zehar.



Urte hasieran taldearen egutegia atera zuten.



Udaberrian taldearen arropekin erakusketa zabaldu zuten. Eta bestalde, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean, hauek ere 25. urteurrena ospatzen zutela eta, dantza taldearen argazkiak ere ikusgai izan ziren.



Maiatzeko Asteburu Musikalak programaren baitan ere taldeko txistulari eta musikariek emanaldia ere eskaini zuten.



Azkenik, uztailaren 27an Luar Na Lubre taldearen kontzertua antolatu zuen. Aurretik, Amerikako Estatu Batuetako Utah-n nazioarteko folklore jaialdi batetan parte hartu zuten.



Azaroa arte ospakizunetan

Larunbateko liburu eta bideo aurkezpenarekin ez dira amaitzen aurtengo ospakizun ekitaldiak. Irailaren 21erako Dantzari Eguna prestatzen ari da taldea. Egun horretan Azpeitira Euskal Herriko probintzia bakoitzeko talde bana ekartzeko asmoa dute, eta gonbidatu berezi gisa, Euskal Herrian astebeteko egonaldia egingo duten mundu osoko Euskal Etxeetatik etorritako berrogei dantza irakasle izango dituzte.



Itsasi Kultur Elkarteak 25. urteurreneko ospakizunei amaiera dantza taldetik pasa diren hainbat lagunen partaidetza izango duen emanaldi berezi batekin eman nahi dio. Emanaldia azaroaren 23an aurreikusten du taldeak.

Dokumentuaren akzioak