Bueltan da beste urte batez Itsasi Euskal Kultur Taldeak antolatzen duen Itsasi Eguna. Datorren azaroaren 26an, larunbata, egingo dute ospakizuna, eta goizean goizetik hasita dantza izango da protagonista herrian. Izan ere, dantzari txikiak 11:30ean elkartuko dira Frontoi Txikiaren aldamenean, eta hortik abiatuta, Alde Zaharrean barrena hainbat dantza ikuskizun eskainiko dituzte ikasleek. Besteak beste, Perez Arregin, Plaza Txikian, Olazko Andre Mariaren Plazan eta herriko plazan egingo dituzte dantzak.
Ondoren, bazkaria egingo dute taldekideek zein taldekide ohiek, Itsasik azken horiei ekitaldian parte hartzeko gonbidapena egin baitie. Interesa duenak Itsasiko kideren bati abisatu beharko dio, edo bestela itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com helbide elektronikora idatzi.