Dokumentuaren akzioak
Itsasi Dantza Taldekoak gustura itzuli dira Danimarkako egonaldiarekin
Astelehenean itzuli ziren, Triangle Folklore Festival-en parte hartu ondoren
Itsasikoek «oso-oso ondo» pasa omen dute Danimarkako egonaldian. Uztailaren 23an abiatu ziren hemendik, eta Amsterdamen gau bat pasa ondoren, 25ean iritsi ziren Danimarkara. Egun horretan hasten zen jaialdia, eta San Inazio egunera arte luzatu zen. Danimarkan egin dituzten zazpi egunetan egunean bina emanaldi egiten zituzten. Asteartea bakarrik izan zuten libre, eta egun horixe aprobetxatu omen zuten gehienbat turismoa egiteko.
Turkia, Serbia, Boli Kosta, Bulgaria, Kroazia, Lituania, Finlandia eta Danimarkako taldeekin batera aritu dira besteak beste azpeitiarrak Odense, Arhus eta Vejle hirien artean garatu den nazioarteko folklore jaialdian. Ekitaldi nagusiak hiru hiri horietan egin arren, inguruetako herri txikiagoetan ere egin zuten dantza Itsasikoek. Danimarkako jaialdiak, aipaturiko beste herrialdeetako dantzariekin harremanak izateko ez ezik, beraien dantzak ikasi eta haiei euskal dantzak erakusteko ere balio izan die Itsasikoei. Azpeitiarrek «Turkia, Serbia eta Boli Kostakoekin» izan omen dute harremanik estuena. «Turkiako taldean kurduak zeuden, eta gu Euskal Herrikoak ginela jakin zutenean berehala gerturatu zitzaizkigun», diote.
Jaialdiaren egitarau trinkoak bazterrak ikusteko tarte handirik utzi ez arren, Danimarkan bizitako esperientziarekin gustura itzuli dira azpeitiarrak, baita datorren urterako gonbiteekin ere. Istanbulera eta Bulgariara joateko gonbidapenak luzatu dizkiete, eta datorren udarako irteerari begira jarri dira dagoeneko.
Dokumentuaren akzioak