Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itsas bazterrean, dantzarik dantza

Dokumentuaren akzioak

Itsas bazterrean, dantzarik dantza

Bizkaiko Dantzarien bilgune izan da domekan Lekeitio. 35. dantzari eguna ospatu dute bertan Bizkai osotik etorritako 74 taldek, eta era guztietako dantzez gozatu ahal izan du herria bete-bete egin duen publikoak.

Egilea
Eider Mugartegi
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Mota
Kronika
Data
2016/05/17
Lotura
Busturialdeko Hitza

Eguraldi onak ere ospatu nahi izan zuen domekan, Bizkaiko dantzarien egun handia. Dantzariz betetako autobusak Lekeitiora ailegatzen hasiaz bat atera ziren lehen eguzki izpiak, eta eguna oraindik ere ikusgarriago egiten lagundu zuten.

Hasierako urduritasunak albo batera utzita, emozioa, ilusioa eta dantzarako gogoa izan ziren Bizkaiko Dantzari Egunean nagusi. Egun berezia izan zen dantzari guztientzat, baina txikientzat batez ere, denbora luzez ikasitako pausoak plazaratu zituz- ten-eta zoragarri.

Inguru guztiak beteta

Lehen orduetatik bete ziren Lekeitioko kaleak dantza, musika eta kolorez. 74 taldek hartu zuten parte Bizkaiko dantzarien jaian, 3.500 dantzari inguruk. Eurekin bat egin zuten, ikuskizunagaz gozatzeko asmoz, hainbat ikuslek ere; guraso, senide, lagun eta dantzazaleek. Guztiek batera jarri zioten giroa Lekeitiori.

Atea kaletik irten ziren kalejiragaz hasi zen goizeko ekitaldia. Talde bakoitza izendatutako lekuan kokatu zen hasteko, eta Lekeitioko kaleak zeharkatu zituzten kalejira alaian Independentzia plazarako bidean. Hantxe batu ziren ikusle gehienak; plaza ingurua bete-bete egin zen ekitaldi nagusirako.

Udaletxearen aurrean, eliza ondoan eta portura begira dantzatu zuten taldeek. Mutilen txilin hotsekin hasi zen dantzaldia, eta nesken txanda ailegatu zen ondoren.

Agintariarena, Zortzinangoa, Ezpata dantzak, banangoa, Makil Txiki, Zinta dantza..., era guztietako dantzak eskaini zituzten dantzari txiki eta nagusiek. Azkenerako utzi zuten Lekeition horren esanguratsua den Kaixarranka.

Dantzarien ekitaldiagaz, baina, ez zen amaitu jaia. Eguna borobiltzeko, puzgarriak eta erromeria izan zituzten arratsaldean plazan, eta dantzariez gain, herritarrak eta egunagaz gozatzera joandakoak oinak airean jartzeko aukeraz baliatu ziren.

Dokumentuaren akzioak