Dokumentuaren akzioak
Isildu da AEBetako soinua
Jim Jausoro hil da. Boise eta inguruko jaiak animatzen makina bat urtez aritutako soinujolea zendu da, 84 urte betetzear zela; hutsune handia utziko du Idahon
Jim Jausoro Idahoko Nampa hirian jaio zen, 1920ko abenduaren 30ean. Sasoi hartan, euskaldun asko zen Nampan, eta Jausororen bizilagunetako asko eta asko euskaldunak ziren orduan. Gainera, bere gurasoek, Tomas Jausorok eta Tomasa Malleak, ostatua zuten hirian, Spanish Hotel delakoa. Ostatu ezaguna zen Nampan lanean ziharduten euskal artzainen artean, eta askok han ematen zuten euren astialdia. Jim Jausoro umea zela, Nampako tren geltokira joan eta euskaldunak bere gurasoen ostatura eramateko ardura hartu zuen.Gurasoen ostatuan batzen ziren euskaldunek egindako musika entzuten hazi zen Jim Jausoro. 13 urte zituela, aurreztutako diruarekin eta loterian irabazitakoarekin, lehen soinua erosi zuen. Autodidakta zen, eta berak bakarrik ikasi zuen soinua jotzen. Nampa eta inguruetako jaietara joaten hasi zen, eta berehala egin zen ezagun.1942. urtean, musikako ibilbidea eten behar izan zuen, Armadara joateko. Lau urte egin zituen merkantzia ontziak zaintzen Hegoaldeko Pazifikoan, eta, Boisera itzuli zenean, Union Pacific trenbide konpainian hasi zen lanean. Baina bere lanaz gainera, Jim Jausorok barru-barruan sartuta zeukan soinua jotzeko grina. Famatua izan zen Jim Jausoro Orchestra. Pneumonia batek eraman du, azken bi asteak erietxean egin behar izan zituen, pattal. Ordura arte, jo eta su aritu zen.
Dokumentuaren akzioak