Herriz herriko programazioan, besteak beste pentsalari eta artista hauek hartuko dute parte: Maria Belmonte eta Adan Kovacsics idazleek, Marta Peirano kazetari eta ikerlariak, Monica Fernandez-Aceytuno biologo eta idazleak, Carolina B. Garcia-Estevez arkitekto eta arte historialariak, eta Berta Viteri eta Maria Ptqk pentsalariek.
Era berean, ikusizko arteei, musikari eta dantzari lotutako ikuskizun artistikoak ere programatu dituzte. Ramon Andres Iruñeko Topaketen zuzendari eta idazleak prestatu du programazioa, eta, azaldu duenez, horietako batzuk beren-beregi dira topaketetarako sortutakoak.
Tuteran, adibidez, Apichatpong Weerasethakul zinemagilearen Fiction instalazio artistikoa izango da ikusgai azaroaren 11tik 15era arte, eta lehenengo egunean Garbiñe Ortegak haren aurkezpena egingo du. Agoizko kultur etxean, berriz, AzkonaToloza & Rammsyren kontzertu geologikoa egingo dute 16an, zuzeneko musika, hitzaldi bat eta dokumental bat uztartzen dituen saio bat.
Gandeia taldeak musika eta dantza biltzen dituen ikuskizun bat emango du 23an, Tafallan; eta Oskar Alegria zinemagileak, berriz, La quietud de los burros (Astoen gelditasuna) hitzaldi eszenikoa 25ean Lizarran eta 30ean San Adrianen.
CMC-Garaikideak taldeak musika eta esperimentazio akustikoa eramango du azaroaren 30ean Altsasura, eta Patxi Araujo artistak, berriz, Iruñeko Topaketetarako sortutako Kaosaren distribuzioa instalazioaren moldaketa bat aurkeztuko du Lesakan, 27tik aurrera.