Urtero bezala, iristear dira Iruñeko alde zaharreko erraldoiak Astigarragako kaleetara. Larunbat honetan egingo dute ohiko kalejira, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Foru plazatik abiatuko dira Erraldoiak eta Kilikiak, eta Txirriskla elkarteko txistulariek eta Hernaniko dultzaineroek girotuko dute ibilbidea.
Guztira lau erraldoi ibiliko dira astigartarren artean, lau metro baino gehiago neurtzen dutenak. Pertsonaia bakoitzak elementu bat irudikatzen du: Lurra, Sua, Ura eta Haizea. Gainera, Kilikiekin batera iritsiko dira Foru plazara, bertan izango baitira Napoleón, Payaso, Pamplinia eta Demonio.
2001ean sortu zen Iruñeko alde zaharreko konpartsa, eta kale animazioan jardun dira urte hauetan. Ohiko dantzak ikusi ahal izango dira Astigarragako txokoetan: kalejirak, baltsak eta konpartsak sortutako koreografiak, besteak beste.
Dantza ikuskizuna Astigarragan, larunbata borobiltzeko
'Generorantz' dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da larunbatean bertan, arratsaldeko 20:00etan, Erribera kulturgunean. Kimuak dantza kolektiboak sortutako saioa da, genero ikuspegiaren inguruko lanketa oholtzaratzen duena. Bertan dantza, gorputz mugimendua, interpretazioa, testuak, errezitaldiak eta bertsoak ikusiko dira.
Kimuak kolektibotik azaldu dute berritzailea dela egiten duten proposamena: «Euskal dantza tradizionalak oinarritzat dituen proposamen berri honek, dantza diziplina ezberdinen laguntzaz ukitu berezia ematen die koreografiei».