Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iruñean ere badira inauteriak

Dokumentuaren akzioak

Iruñean ere badira inauteriak

Egilea
Joxerra Senar
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2009/02/08

Nork esan zuen Iruñean inauteririk ez zela? Ezaguna da urte berriari ongietorria egiteko mozorrotu egin ohi direla iruindarrak, baina, apika, hain ezaguna ez dena da 1977tik urtero Donibane auzoan inauteria berezi eta herrikoiak antolatzen dituztela. Aurten, 32. urteurrena izaki, ospakizun berezia egin nahi izan dute: hainbat herrietako inauterietako pertsonaiak zein Euskal Herriko kondairetan oinarrituta auzokideek berez sortutako pertsonaiak bildu zituzten atzo arratsaldean kalejira erraldoian. Hain izan ziren Galiziako Verin herriko zigarroiak baita Kantabriako zamarrakoak zein bertako hainbat pertsonaia ere. Guztiek batera, dantza, musika eta zarata amaigabean negua uxatu nahi izan zuten.

Negu gorriko giroa baitzegoen atzo Iruñean. Donibaneko inauteria ez zuen galdu nahi izan elurrak, eta kalejira hasi aurretik, zuritu egin zituen Iruñeko eraikin guztietako sabaiak, belardiak eta automobilak. Antolatzaileak beldur ziren auzokideek kalejirari iskin egin eta etxean egotea nahiago izango ez zuten.

Hitzordua 18:30etan zen Oskia plazan. Pixkanaka, hotzari erronka bota nahirik herritarrak hurbiltzen hasi ziren. Batzuk kalez jantzita. Beste batzuk mozorrotuta. Koadrila gazte bat nabarmendu zen, Chiapaseko oihanetik ateratako Marcos komandanteordearen gerrilariz mozorrotuta. Ordu erdiko atzerapenarekin, baina azkenean abiatu zen kalejira. Joaldunek irekitzen zuten ibilbidea, eta atzetik, hamarnaka pertsonaia. Lantzetik, Ziripot, perretzaileak, txatxoak eta Mielotxin panpin maltzurra.

Hartza gelditu gabe

Haurrak eta helduak izutzen gelditu gabe, Arizkungo hartza zebilen, alde batetik bestera. Alkatea etorri zitzaion une batean, aginte makilarekin jendea aztoratzen zebilen pertsonaia baretu nahirik. Hartzak udaberriaren etorrera islatzen du, baina ilargi betea izanez gero, negua luzatuko dela adierazten du. Atzo, ilgora zen, ia ilargi betea, eta alboko elurrari erreparatuta, negua luzatuko dela ondoriozta liteke, ohitura jarraituz.

Altsasuko inauteriaren omenez Momorrotxo, sorginak eta Akerra. «Nire haurrak beldur handien Akerrari dio», aipatu zuen Jose Luis Hernandezek. Urtero etortzen da kalejirara, eta «primerakoa» iruditzen zaio.

Donibane auzoak baina egin dio bere ekarpena inauteriari. Euskal Herriko mitologiako pertsonaiak atzo kondaira izateari utzi eta kale elurtuetan barrena ibili ziren: lamia, zezengorri, zaldi, basurde, ahari. Lau urteko neska ile hori batek amari estu heldu eta negarrez hasi zen Ahariren itzala bere alboan sentitzean. Haurraren izua ikusirik, Ahari saiatu zen beldurra uxatzen, eta erabat lortu ez arren malkoak lehortu zitzaizkion neskari.

Festari kolore berezia eman zioten Kantabriako Silioko zamarrakoek. Joaldunen antzekoak dira, ardilarruak eta zintzarriak daramatzatelako: «50 kilo inguru eramaten dituzte soinean. Izpiritu txarrak uxatu eta urte berriari ongietorria egiten diote», azaldu zuen Victor Martinezek. Zuriz eta gorriz jantzita zegoen, eta txano luze bat zeraman buru gainean. «Ni dantzari txuri bat naiz. Segizioa irekitzen du eta ongia ordezkatzen dut. Hartzak, berriz,gure herrian gaizkia ordezkatzen du. Azkenean, baina, beti ongia gaizkiari gailentzen zaio».

Veringo zigarroiak

Atzetik Veringo zigarroiak zihoazen. Oso jantzi dotore bezain pisutsua dute (25 kiloko). Dominguez, adibidez, arnasestuka dago. «Jantziok denak eskuz eginda daude, artisauak dira», azaltzen du Miguel Dominguezek. Teoria baten arabera, zimarroiak aspaldi zerga biltzaileak ziren. Beste azalpena datokiko jauntxoek bakarrik ehizan egin zezaten, gainontzeko herritarren ehiza uxatzen zutela. Pozik dago Iruñeko kalejiran parte hartzeagatik: «Galizian eta hemen, denok antzinako ohiturak ditugu. Modernitaterako badugu nahikoa asti egunero. Goza dezagun arbasoen ohiturez». Amaieran afaria egin zuten, eta gaur festak jarraituko du.

Egitaraua

 

 

BIHAR

 

 

11:30:

Asunzion/Jasokunde plazatik Donibaneko Erraldoien konpartsa. Inauterietako pertsonaik eta gaitariak ere izango dira.

 

OTSAILAK 9, ASTELEHENA

 

 

20:00: Euskal Herriko inauteria, atzo eta gaur

lelopean Aitzpea Leizaola Egaña antropologo eta EHUko irakasleak hitzaldia emango du, Nafarroako Ateneoaren laguntzarekin, Armadaren etorbideko hitzaldi aretoan. Moderatzailea Juan Karlos Lopez-Mugartza izango da.

 

OTSAILAK 10, ASTEARTEA

 

 

20:00:

Kontzertua Onki Xin tabernan Mielotxin taldearekin.

 

OTSAILAK 14, LARUNBATA

 

 

Donibane auzoko konpartsaren kalejira Baionan.

 

 

Dokumentuaren akzioak