Urtarrilaren 17tik 31era bitartean, DanZ dantza garaikideko jaialdia garatuko da Iruñean. Dantza garaikidea erakusteaz gain, haren inguruko topagunea, eta sentsibilizazio eta gogoeta egiteko tokia ere bada. Aurtengo edizioan kalitatezko eskaintza dago: ikuskizunak, lantegiak, topaketak, zine-foruma eta bestelako jarduerak.
Gaur berton abiatuko da lehen ekimena: Atalak Lantegiaren irekiera. Erritmoa, Errepikapena eta Espazioa. Hiru saiotan, Atalak lantegiak publiko amateur batengana hurbilduko ditu sormenez eta era ludikoan erritmoari eta errepikapenari buruzko jarraibideak, bai eta gorputzen arteko espazioa eta haren manipulazioa ere. Laura G. Latasa, Maddi Gaztelumendi eta Iñigo Errementeria izango dira arduradunak.
Bihar topaketa bat antolatu da: Dantza eta Arte Biziak, irisgarritasunerako lagun izenekoa. Adierazpidea den aldetik, dantzak, bai erritu gisa, bai ikuskizun gisa, berehalakoan bultzatzen ditu beste gorputz batzuk parte hartzera, erritmoei, emozioei, sentsazioei, mugimenduei jarraitzera. Topaketa profesional honek sinergiak bilatzen ditu jaialdiko programazio-proposamenarekin, eta artista eta programatzaileen esperientzia, ikuspuntu eta praktika ezberdinak uztartzea proposatzen du. Parte hartzaileak: Inés Aubert (Koreografoa), Mª Pilar López (Teatro Paraíso Antzerkia), Marta Monfort (Vitoria-Gasteizko Antzoki Sarea), Txori García Uriz (Aktorea), eta Bertha Bermudez (Red Atalak) eta Fernando Sáenz De Ugarte (Dantzaz) moderatzaileak izango dira.
Filmak ere izango dira, kasu honetan, Temps De Llum. Ikus-entzunezko labur, ausart eta sentibera honetan, denboraren bizipen berezi horren inguruko gogoeta artistikoa proposatzen da.
Eta ikuskizunei dagokienean, Atena Arte-Konpainiak Raíces egingo du. Sormenezko proiektu honek komunitatean dagoen aniztasuna du abiaburu eta inspirazio-iturri, aniztasuna kulturan, paisaian. Eta Jon Maya dantzariak, Arkaitz Miner biolin jotzaileak lagundurik, Nire Txokotik pieza egingo du. Dantza tradizionaletik dantza garaikiderantz doan bidaia da.
Non eta noiz jakiteko, egin klik hemen.