Dokumentuaren akzioak
Iruñea, euskal kulturaren ibiltoki
Iruñea. Iaz baino parte hartzaile gehiagorekin ospatuko dute larunbatean Iruñerriko bigarren Euskal Jaia
Egunari ekiteko, herri gosariak eskainiko dituzte Alegria de Iruña eta Muthiko Alaiak peñetan, eta txokolatea Kalixto tabernan. 11:00etan dantzari, joaldun, erraldoi eta musikarien kalejirak abiatuko dira hiru hiribilduetatik. Alde Zaharreko kaleetan ibili ondoren, kalejira guziak Udaletxe plazan bilduko dira, 12:00etan. Han eginen dute ekitaldi nagusia: antolatzaileek pregoia irakurriko dute, agintariena dantzatuko da eta bertsolariek kantatu eginen dute.
Goizeko jarduerak larrain dantzarekin bukatuko dira. Gazteluko plazan izanen da, eta erraldoiek ere beren koreografiak dantzatuko dituzte. Eguerdian, herri bazkaria antolatu dute Salestarretan, eta Ostatu ibiltariak girotuko du. Arratsaldean, berriz, herri kirol saioa eskainiko dute San Frantzisko plazan, eta musika nahiago dutenek kalejirara joateko aukera izanen dute. 19:30ean dantzaldia izanen da Navarreria plazan: euskal dantzak eta Gathubi taldea. Hauskaitz taldearen kontzertuarekin bukatuko da eguna.
Aparteko eguna
Iruñerriko Euskal Jaia ospatzen den bigarren urtea bada ere, Iruñean aspaldi hasi ziren euskal kulturaren besta antolatzen. San Fermin Txikiko egitarauaren baitan egin izan da beti, baina iaz Euskal Jaiari egun propio bat ematea erabaki zuten euskal kulturaren aldeko hainbat taldek. «Euskal Jaiak egun bat behar eta merezi zuela konturatu ginen, eta Iruñean ez ezik, Iruñerria osorako ere izanen zela erabaki genuen», azaldu du Gartzesek.
Aurten eguna egonkortu nahi dutela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, aldarrikapenerako tarterik ere izanen da. Euskal kultura bizirik! leloa aukeratu dute horretarako. «Euskal kultura zokoratu nahi dute, baina ezin dute gure nortasuna ezabatu, euskaldunak garela ozen aldarrikatuko dugu», esan du Gartzesek. Eguraldia, behinik behin, alde izanen dutela dirudi.
IRUÑERRIKO EUSKAL JAIA
Non. Iruñeko Alde Zaharrean.
Noiz. Larunbatean.
Udaletxe plazan izanen da eguneko ekitaldi nagusia, eta, ondoren, Gazteluko plazan larrain dantza eta erraldoi topaketa eginen dute. / ANDONI CANELLADA / ARP
Dokumentuaren akzioak