Dokumentuaren akzioak
Irudien inguruko gogoetak
‘Reflection’ eta ‘Tiro inflectido’
Mugatxoan izeneko ekimenak bere Donostiako zikloari amaiera emateko gonbidatutako artista biren ekintzak ikusi ditugu asteburuan.
Haietariko lehenean,hau da, Gary Stevensen Reflection izenekoan, lau neska jesartzen dira gure aurrean telebista pantaila bati begira eta bertan gertatzen dena imitatzen dute, dela beso eta eskuen keinuekin, dela aurpegiarekin imintzioak eginez.
Halako batean, haietariko bat pantailan gertatzen dena hasten da deskribatzen, eta gero, txandaka, beste hirurek berdin egingo dute, bakoitzak bere ama-hizkuntzan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez). Esandakoaz gain, eta lauren deskribapen gurutzatuen artean, zenbait hitz edo esaldi-gako labur tartekatzen dituzte, hala nola «o!», «a!», «nor da hori?» edota «joan egin da», sorpresa elementua eta erritmo bizia sortuz performance-aren emaitzan.
Oso polita da Stevensek lan honetan proposatutakoa, ikusleok behartuta gaudelako telebistan gertatzen ari dena interpreteen bitartez asmatzera eta, jakina, bakoitzak nahi duena imajinatzen du zuzenean ikusterik ez dagoenean. Buru-jolas horren inguruan hainbat burutazio egin daitezke, eta haietariko lehena da bikaina dela izenburuaren esangura bikoitza (islapen /gogoeta), lau interpreteek telebistako irudien ispiluarena egiten dutelako eta ariketak hainbat gogoeta eragiten duelako gugan.
Pentsakizun horien artean komunikazio-kodeen mugapena izango zen nabariena, argi dagoelako informazio piloa galtzen ari garela aukeratutako transmisio sistema dela kausa. Baina, ene ustez, inportanteena da baieztatzea hastapen materialik pobreena ere baliagarria izan daitekeela arte-mailako produktu bat sortzeko, baldin eta alde formalak, azterketarako gogoa eta zintzotasuna zaintzen diren.
Artista plastiko baten ekintza
Gaueko bigarren atalean Portugalgo artista plastiko baten ekintza ikusi genuen. Tiro inflectido izenburupean. Ekintza honetan Francisco Tropak bost gezi jaurtitzen ditu horman proiektatzen den paisaia baterantz, kirol-epailearen begirada zorrotzaren pean.
Gezietariko lau desbideratu egiten dira alboko diana batean jotzeko, baina logikaz kanpo desbideratze horietara ohitu garenerako, hara non bosgarrenak horizonterantz zuzen jarraitu eta hormaren kontra jotzen duen. Bikain! Hasteko eta behin, apurtu egin digute gezien ibilbide artezaren irudia eta artez joan den gezi bakarrak ezin izan du paisaiaren edertasunean sartu. Gu geure aldetik Portoren edertasunean saiatuko gara sartzen, hantxe jarraituko baitu aurtengo Mugatxoan-en ibilbideak.
Dokumentuaren akzioak