Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irudi dantza, dantza iruditan

Dokumentuaren akzioak

Irudi dantza, dantza iruditan

Nola itzal handiko musikari eta joera zenbaiten hala ezkutukoagoen inguruko 20 film dokumental ikusi ahal izango dira Dock of the Bay jaialdian, bihar hasi eta hilaren 13 bitartean, Donostian

Generoei eta formatuei mugak jarri gabe, musika eta zinema uztartzen dituen ikus-entzunezko unibertsoari bide emateko asmoz 11.ez egingo da Dock of the Bay, Donostiako Musika Zinema Dokumentalaren jaialdia, bihar hasi eta urtarrilaren 13ra bitartean. Hiru sail izango ditu jaialdiak programazio barruan: sail ofiziala, lehiaketan sartuko diren musikako zortzi dokumentalekin; Paint it Black atzera begirako saila, eta Perfect Day, nazioarteko urteko musika dokumentalen ekoizpenaren barruan lanik aipagarrienak bilduko dituen saila. Antzoki Zaharra eta Trueba zinemak izango dira jaialdia osatzen duten 20 izenburuen proiekzioez arduratuko diren aretoak. Film guztiak jatorrizko hizkuntzan eta gaztelaniaz azpidatziak emango dituzte. Euskararik ez da izango, hortaz.
Egilea
Gorka Erostarbe Leunda
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/01/02
Lotura
Berria

Jaialdia osatuko dute hainbat kontzertuk, mintegik eta erakusketak. Filmetarako sarrerek 7 euro balio dute.

SAIL OFIZIALA

Elektronika, punka, flamenkoa, Cancer Moon, Los Bravos eta kasetea

Dock of the Bayren egitarau askotarikoaren islarik argiena da sail ofiziala osatzen duten zortzi dokumentalen nolakotasuna. Alemaniako musika elektronikoaren egoerari buruzkoa da Romuald Karmakarrek zuzendutako If I Think of Germany at Night. Suzanne Ciani elektronikaren eta new age musikaren aitzindariaren ibilbide malkartsua azaltzen du A Life in Waves-ek. Egun, publizitateko jingleak sortzen aritzen da, batez ere: «Gizonen negozio bat, non ezinbestekoa zaidan haiek baino hobea izatea». Dantzarako musikarekin du lotura Javi Senzen Manchester Keep on Dancing-ek ere: house musikak Manchester hiriarekin izandako harremanaz dihardu.

Punk basaren izar modukoa izan zen G.G. Allinsi buruzkoa da Sami Saif danimarkarraren The Allins. Aspaldi bihurtu zen kultukoa Cancer Moon Bilboko taldea; haren misterioari buruzkoa da Alvaro Fierrok eta Ibon Ibarluzeak ondutako Atrapados por la serpiente. Los Bravos Espainiako taldearen istorio bitxia jasotzen du Fran Parraren Black is Black-ek, kasete formatuaren hilezkortasuna azaltzen du Zack Taylorrek Cassette: A Documentary Mixtape lanean, eta La Chana flamenko dantzariak Hollywoodeko ibilbidea ekiteari muzin nola egin zion argitzen du Lucija Stojevicen La Chana lanak.

'PAINT IT BLACK' ATALA

Tony Palmerren lan mardularen erakusleiho bat

Cambridgeko Unibertsitateko ikasle zenean, BBCko langile taldean sartu zen Palmer 1960ko hamarkadaren amaieran, Ken Russellen aginduetara; oso denbora gutxi behar izan zuen dokumental egile kementsu bihurtzeko. The Beatles, Rolling Stones, The Who, Cream eta Jimi Hendrix gertutik ezagutu, eta haien lana erretratatu eta filmatu ahal izan zuen, testuinguruari arreta berezia jarriz beti ere. Horri esker, XX. mendearen bigarren erdiko pop-rock anglosaxoiaren bilakaera ulertzeko funtsezko irudi bihurtu zen. Haren lan mardularen lau adibide ikusi ahal izango dira Dock of the Bayn. 1960ko hamarkadaren amaierako rock musika haztatzen du All You Need Is Love-All Along the Watchtower (1977) lanean, besteak beste Mick Jagger, John Lennon, Eric Burdon eta Frank Zappa elkarrizketatuz.

Maria Callas opera kantariari buruzko Callas (1987), northern soulari eta klubetako dantza kulturari buruzko The Wigan Casino (1975) eta Ginger Baker musikariaren Nigeriarako ihes eta ikasketa bidaia kontatzen duen Ginger Baker in Africa (1973) dira atala osatzen duten beste hiru filmak.

'PERFECT DAY' ATALA

Rock, soul eta jazzaren izen ezagunak, Frantziako elektronika eta gaixotasuna

Urteak musika dokumentalen inguruan eta nazioartean eman duenaren bilduman sartzen dira, batetik, oihartzun handiko musikarien inguruko lanak: John Coltraneri buruzkoa da Chasing Trane; Iggy Popen azken urteak ditu ardatz American Valhalla-k; Lili Fini Zanuckek zuzendutako Eric Clapton Life in 12 Bars, Sandrine Bonnaireren Faithfull (Marianne Faithfullen musika ibilbidea eta drogekin izandako zailtasunak aletzen ditu), Tabbert Fillerren The Public Image is Rotten (Sex Pistols eta Pil taldeko Johnny Rottenen pentsamenduari buruzkoa) eta Sharon Jones eta Charles Bradleyk elkarrekin emandako hiru kontzertu biltzen dituen Living on Soul ere ikusi ahal izango dira.

Frantziako musika elektronikoari (Daft Punk, Air, Justice, Sebastian Tellier, Laurent Garnier...) begiratua ematen dio Jean-Francois Tatinen French Touch-ek; eta Mariano Casanova Distrito 14 kultuko bandako kideak tinnitus gaitzarekin izandako esperientzia kontatzen du Tinnitus, el sonido de la locura lanak.

<em>The Wigan Casino</em>, northern soulari buruzko Tony Palmerren dokumental lana, 1975ekoa.

The Wigan Casino, northern soulari buruzko Tony Palmerren dokumental lana, 1975ekoa. DOCK OF THE BAY

Dokumentuaren akzioak