Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Irrintzi eta Antxiñako Ama 50 urte elkarrekin

Dokumentuaren akzioak

Irrintzi eta Antxiñako Ama 50 urte elkarrekin

Zumarragako_ezpata_dantzaIrrintzi dantza taldeak eta Antxiñako Ama txistulari taldeak bikote sendoa osatzen dute. Bi elkarte horiek 1967an sortu ziren eta ordutik elkarrekin lan egin dute. 50 urte daramatzate batak bestearekin eta elkarrekin ospatuko dituzte 50. urteurreneko ekitaldi asko. Euskalduntasunak, ezpata-dantzak eta Antioko amatxok elkartu dutena, ez dezala gizakiak banandu!
Komunikabidea
Goierri.eus
Mota
Albistea
Data
2017/03/06
Lotura
Goierri.eus

Endika Altzelai, Joanes Jaka, Sara Bidarte eta Uxue Kerejeta aritu dira bi taldeei buruz hizketan. Altzelai txistularia da, Bidarte eta Kerejeta dantzariak dira, eta Jakak batzuetan txistua jotzen du eta besteetan dantza egiten du.

Irrintzi dantza taldea La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasle ohien elkarteak sortu zuen. Lehen irakasleak Tomas Sadaba eta Sebe Egiguren izan ziren eta La Sallek utzitako lokal txiki batean entseatzen zuten.

Txistulari taldea, berriz, udalarentzat lan egiten zuten hiru txistulariek utzi zutenean sortu zen. «Udalak Esteban Barrena, Joxe Perez eta Iñaki Garmendiari erreleboa hartzea proposatu zien, baina hauek txistulari taldea osatu nahi zutela erantzun zuten», esan du Altzelaik.

Ezpata-dantza

Antxiñako Amakoak berehala ezpata-dantza jotzen hasi ziren. Irrintzi dantza taldekoek, berriz, urte batzuk itxaron behar izan zituzten urteko egun handian parte hartzeko. «Ezpata-dantza ezagutzen eta irakasten zuen taldetxo bat zegoen eta talde hori arduratzen zen. Handik gutxira Irrintzik hartu zuen ezpata-dantzaren ardura. Irrintziren sorrerak ezpata-dantzaren biziraupena ziurtatu zuen». 1970ean dantzatu zuten ezpata-dantza lehenengoz. Handik urte pare batera, ezpata-dantzaren ardura hartu zuten.

Bi taldeak urte berean sortzea kasualitatea izan zen, baina hasieratik elkarrekin lan egin dute. Jakak Irrintziren transmisio lana azpimarratu du. «Haur asko ditugu eta euskal dantza tradizionalak mantentzen saiatzen gara. Baina egun, hori baino gehiago egiten dugu: beste dantza batzuk lantzen ditugu, herrian dantza giroa sortzen saiatzen gara, herritarrei dantza egiteko aukera ematen diegu…».

Altzelaik 50 urte hauetan gizartea asko aldatu dela dio. «Egoera politikoa, gizartea, dantza taldeak… dena aldatu da. Lehen dantza tradizionalak bakarrik egiten genituen eta egun berritasunak ere sartzen ditugu. Dena uztartzen dugu. Ez dugu lo hartu».

Jakak «zorionez» Euskal Herriak beste giro bat bizi duela eta horrek gauza berriak probatzeko aukera eskaintzen duela dio. Taldea erronka berriei aurre egiteko prest ikusten dute. «Irrintzin gaudenoi dantza asko gustatzen zaigu eta indartsu sentitzen gara. Helduen taldean 30 bat lagun gaude eta 80 haur inguru ditugu».

Txistulari taldeentzat zailagoa da horrenbeste haur lortzea. Izan ere, instrumentu asko daude eta, beraz, txistuak konpetentzia gogorra du. «Eskatzen zitzaigun lana egin dugu, baina gauzak asko aldatu dira. Garai batean guk irakasten genien haurrei txistua jotzen eta egun ikasita etortzen dira, musika eskolatik. Horrek gure lana asko erraztu du. Egun, 20 bat txistulari gaude taldean».

Altzelaik txistuak merezi duela dio. «Ezin dut nire bizitza txisturik gabe nolakoa izango zen irudikatu. Bizitza osoa daramat entsegutik kalejirara eta kalejiratik entsegura. Gainera, Irrintzi taldearentzat jotzen dut. Gutxi gaudenean tira egitea, igandero jotzeko jaikitzea… gogorra da, baina inork ez gaitu behartzen».

Zailtasunak zailtasun, Antxiñako Amaren etorkizuna ez du arriskutan ikusten. «Guretzat Irrintzirentzat baino zailagoa da gaztetxoak lortzea, baina baditugu batzuk. Dena den, gizartea aldatu egin da eta jendea ez da lehen bezainbeste inplikatzen. Gazteak txistua jotzera animatu nahi ditut. Ez da sekulako musikaria izan behar txistuaz gozatzeko», aipatu du Altzelaik.

Elkarlana

Eta txistuaz gozatzeak dantzaz gozatzea dakar, txistulariak ezinbestekoak baitira Irrintziren emanaldietan. «Bi taldeen arteko harremana oso estua da, hasieratik. Jende asko bi taldeetatik pasa da. Gure arteko harremana arlo profesionaletik harago doa, beharbada ezpata-dantzaren eraginagatik. Lagunak gara».

Dena den, Jakak bi taldeak elkartzen dituzten beste ekitaldi asko daudela argi utzi nahi du. «Elkarren beharra dugu. Dantzariek txistulariak behar dituzte dantza egiteko, txistulariek beraien ekitaldiak aberastu ditzakete dantzariei esker… Herriko kultur elkarte guztien arteko harremana horrelakoa izan beharko litzateke beti».

Zumarragako-

«Gazteak txistua jotzera animatu nahi ditut: ez da sekulakoa izan behar gozatzeko» Endika Altzelai, txistularia.

«Herriko kultur elkarte guztion arteko harremana horrelakoa izan beharko litzateke» Joanes Jaka, dantzaria eta txistularia.

Dantzariek beraien ekitaldiak ikustea besterik ez dagoela diote. «Saio horietan indarra transmititzen dugu: urtean zehar ekitaldi asko antolatzen ditugu eta horien atzean lan asko dagoela ikusten da».

http://goiberri.eus/wp-content/uploads/2017/03/Zumarragako_ezpata_dantza.jpg

Dokumentuaren akzioak