Dokumentuaren akzioak
Irrintzi eta alaitasunez, 50 urtez dantzan
Berrogeita hamar urte ez dira hain erraz betetzen, eta behin urteurren horretara ailegatuta, merezi du ondo ospatzea, egun batean zein bestean gogoraraztea.
Urtean zehar ospatu izan dute modu batera edo bestera, baina zapatukoa berezia izan zen; kolore eta soinu bereziz girotu zuten Altamira auzoa. Ume, gazte zein heldu elkartu ziren bertan; 50 urte horietan dantzan aritutakoak. Guztira, 80-100 bat dantzari. San Migel jaiak ospatzeko modu bikaina aukeratu zuten.
Dantzariek hartu zuten eguneko nagusitasuna, eta duela zenbait urte zein oraintsu ikasitako dantzak plazaratu zituzten: Agurra, Dantzari Dantzako sortakoak, Xoxo dantza, Eusko Dantza, Zaragi dantza, Gorularien arku dantza, Sardiñerak, Bizar dantza, Axuri beltza eta Ikurrinarena…
Bost urteko umeak ikus zitezkeen dantzan, eta baita 70 urtekoak ere. Bien bitartekoak ere asko izan ziren. Aspaldian elkar ikusi gabekoen topagune ere bilakatu zen Altamira auzoa.
«Egun berezia» izan zen zapatukoa, Irrintzi Alai Dantza Taldekoen arabera. Guztia antolatzeak lana eman badie ere, «merezi» izan duela argi dute: «Egunak lagundu egin zuen, eta guztia atera zen ondo. Jende dezente batu ginen, eta parte hartzea ere ona izan zen».
Izan ere, dantzariak ez ezik, herritar ugari ere bildu ziren zapatuan, protagonistekin batera egunagaz gozatzeko.
Goizean hasi zuten eguna, 10:00ak inguruan. Txistularien kalejira egin zuten Altamiran bertan. Eta mezaren ostean egin uten ekitaldi nagusia.
Bazkal aurrea doinuz alaitzeko, kantu poteo herrikoia egin zuten, eta hori bukatutakoan abiatu ziren bazkaria jatera 250 bat lagun. Bazkalostea ere girotu zuten doinu eta dantzez.
Umeentzako jolasak. Arratsaldean, bertaratutako gaztetxoenentzako ondo pasatzeko aukera ere eman zuten. Herriko Harriberri elkarteak antzinako herri kirolak ezagutzeko jolasak antolatu zituen: sokatira, zaku lasterketa…
Dantzan jartzeko unea ere iritsi zaien berriro , gauean. Beste hainbat herritan egiten duten legez, herrian bertan ere, Larrain Dantza dantzatzeko hitzordua jarri zuten. Eta amaitutakoan, gorputzak astintzen jarraitu zuten, EinGoren konpainian, erromerian. Festak, hartara, gauerdira arte iraun zuen Busturian.
Ondo barneratutako ikasketak denboran mantentzen dira, eta zapatuko egunak emandakoagaz ere gauza bera egingo dute: oroituko dira 50. urteurrenaz, gogoan izango dute egun horretako giro eta jaia. Eta hurrengo urteurrenera bitartean, dantzez gozatzen jarraituko dute, herri eta auzoak euskal kulturaz koloreztatzen.
Dokumentuaren akzioak