Dokumentuaren akzioak
Iritzia: Atzoko mutildantzak biharko?
Egutegia gorriagoa izan zitekeen mundu santu honetan, azaroaren arratsen pareko margo ilunez margotuak ageri dira bertako egun gehienak. Hala ere, egutegiko zenbaki gorrietara ailegatzean, maiz, ospatu egiten ditugu. Nahiz eta ospakizunak edo bestak berarekin dakarren eguneroko bizimodu arruntaren mozketa, herriaren balore tradizionalen errepresentazioak dira. Ospakizunetako ezinbertzeko osagaia dantza dugu. Baztanen mutildantzak dantzatzen dira, egutegian, maiz, gorriz ageri diren santu egunetan eguerdi partean.
Mutildantzez solastatzerakoan bi ekintza desberdindu behar ditugu: alde batetik, igandetan, mutilek ez ezik, gizonezkoek ere dantzatzen zituzten dantzak, eta bertzetik, gaur egun galdua den arren, mutildantza errito bezala dantzatzen zena. Hau egun seinalatuetan gertatzen zen. Lehenbiziko eta azkeneko dantzariak damunausiak izaten ziren, eta bigarren dantzaria eta azkenaitzinekoa damunausi-lagunak. Lau horiek hasiko ziren dantzan eta gero sartuko ziren gainerako herriko mutilak. Herriko mutil gazte eta ezkongabeak. Gero damunausi horiek damuin-etxekoandriak hautatuko zituzten soka-dantza dantzatzeko. Kohesio soziala bilatzen zen. Nahiz eta kohesio hori hierarkikoa izan, plazan agintariak egoten baitziren hau guztia kontrolatzen. Gaur egun mutildantza erritu bezala galdua da. Gizon dantza da. Mutildantzak beraz, aldaketa batzuk izan ditu eta aldaketak onartuak izan dira; arazoa emaztekiak hurbildu direnean eman da.
Baztanen neska multzo handi bat bada, mutildantzak dantzatu nahi dituena. Gizonezko anitzek emaztekiek ez dantzatzearen arrazoia historian eta tradizioan bilatzen dute. Gizonak dantzatzeko aukera du. Emaztekia gizonaren oinei begiratzera, bere atorra zuria lixatzera eta txalotzera mugatzen da. Bigarren mailako parte hartzea. Rolen banaketa asimetrikoa eta hierarkikoa da.
Mutildantzak nekazal komunitate baten errepresentazio kulturala izan dira historikoki Baztanen. Gaur zer komunitate islatzen du emaztekiak lekurik ez badu? Gizartearen kohesioa nola idurikatzen ahal da emaztekia kontuan hartu gabe? Baztanen, mendebaldeko gizarte gehienetan bezala, maskulinitate hegemoniko batean egituratutako genero sistema dugu, eta hau mutildantzetan ikusi izan da eta ikusten da. Gustatu edo ez. Tradizioa mantentzearen arrakasta orainalditik iraganari begiratzeko gaitasunaren araberakoa da. Tradizioak belaunaldi bat bere gizartearekin erlazionatzeko gaitasuna badu, bizirik iraunen du, eta gizarteak eskatuz gero, aldaketarako prest egon behar da.
Pausuek eta errituak aldaketak jasan dituzte, baina batzuek emaztekirik ez dute onartu nahi, dantza «beti horrela izan dela» argudiatuz. Gezurra da. Emaztekiak ausart plazara atera dira eta gizon batzuk kontent gabiltza haien artean pentsamendu karraturik kabitzen ez den plaza borobilean dantzan. Lerro borobilean eta erlojuaren orratzen kontrako norabidean hankak astinduz, baina gibelean gelditu gabe. Gizonek eraikitako mundu santu honetan pixkanaka aitzinera eginez.
Dokumentuaren akzioak