Dokumentuaren akzioak
Iratzarri Dantza Taldeak 25. urteurrena ospatu nahi du
Zarauzko Iratzarri Dantza Taldeak 25. urteurrena ospatu nahi du datorren urtean. Urteurren ospakizuneko ekitaldien antolaketan eta ekitaldietan berauetan urte hauetan guztietan dantza taldean aritu diren lagunek parte hartzea nahi dute. Baina ospakizunak antolatzeko izan dituzten bileretan jende gutxi agertu dela-eta, urteurren ospakizuna airean da oraindik.
Iratzarriko kideek azken deialdia egitea erabaki dute. Bilera hau ostiral honetan izango da, iluntzeko 20:00etan, Euskadiko Kutxaren lokalean. Iratzarri Dantza Taldeak urteurrena ospatzea merezi du, zalantza izpirik gabe. Izan ere, Zarauzko talde honek herriaren alde lan itzela egin du azken mende laurdenean.
San Juan Bezperan aurreskua dantzatzeko elkartu zen mutil talde batek sortu zuen herrian dantzazaletasuna bultzatzeko asmoz. Ordutik, bai helduen eta bai haurren taldetik ehundaka zarauztar pasa dira. Helduen taldeak ez du unerik gozoena bizi, lagun askok taldea utzi baitute eta gelditzen direnak tarteka soilik elkartzen baitira. Haurren taldea, berriz, 70 lagun inguruk osatzen dute.
Fatima Ferrera kideak esan digunez, «behar bezain ona ez den egoera honetara moldatzen saiatu gara. Jende falta dela-eta betiko moduan dantzatzerik ez dugunez, azken urteotan euskal dantzetan oinarritutak koreografiak egin ditugu». Taldean garai batean bezainbeste jende ez dabilen arren, Iratzarrikoek ekitaldi askotan parte hartzen dute oraindik ere: Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Dantza Zentroen Erakusketan, Euskal Jaian...
Iratzarrikoek lanean jarraitzeko asmoa dute, taldearen etorkizuna diren haurrek dantza egiten jarraitzeko aukera izaten jarrai dezaten. «Atzetik datozenak oso gazteak dira, baina dantzan jarraitzen badute helduen taldea indartzeko asmoa dugu».
Urteurrena ere taldea indarberritzeko aukera bikaina izan daiteke. «Ostiraleko bilerara urte hauetan taldean aritu diren dantzari eta musikariak etortzea nahi dugu, ospakizuna antolatzeko ilusioa dagoen ala ez ikusteko».
Dokumentuaren akzioak