Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Ipuskoa' erakunde ekitaldi nagusia uztailaren 5ean ospatuko da Tolosan, soka-dantza bidez

Dokumentuaren akzioak

'Ipuskoa' erakunde ekitaldi nagusia uztailaren 5ean ospatuko da Tolosan, soka-dantza bidez

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2025/06/25
Lotura
Ataria

Gipuzkoa hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa gogoratuz foru aldundiaren ospakizunak Tolosaldera iritsiko dira datozen egunotan —Altzon milurtekoa ospatzen hasiak dira—. Uztailaren 5ean erakunde ekitaldi nagusia egingo da Tolosan; bertan, soka-dantzak lotuko ditu Gipuzkoako politikariak: Eider Mendoza diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta Gipuzkoako gainerako alkateak ere.

Uztailaren 5ean egingo dute erakunde-ekitaldi nagusia Tolosan, dantzaz eta musikaz gain Gipuzkoako herri erakundeetako buruak lotuko dituen ohorezko soka-dantza izango da protagonista.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, gipuzkoarrak animatu ditu antolatutako ospakizun herrikoi hauetan guztietan parte hartzera eta «bat eginik gozatzera, badugulako zer partekatua eta zer ospatua». «Balio komunitario indartsuak dituen lurraldea gara, diferentzien gainetik antolatzeko eta elkarlanean ekiteko gaitasuna duena, solidarioa, berdinzalea eta berritzailea; gainontzeko euskal lurraldeekin batera, bere erakundeak, ohiturak, hizkuntza eta kultura babesten eta garatzen jakin duena historian zehar», azpimarratu du eta, horregatik guztiagatik, «aurrera begira ere balio horiek indartzen» jarraitzeko deia egin du.

Horretarako, dantza, kantua eta mendizaletasuna batzen dituen «hitzordu sinboliko eta herrikoiak» sustatu eta lagunduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, «gipuzkoarron eta euskaldunon identitatearen adierazpide», hiruak ere. «Euskal kulturan esan ohi dugu izena duen orok baduela izana. Efemeride historiko honek adierazten du duela hamar mende dagoeneko, izan, baginela. Milagarren urteurrenak aukera ederra eskaintzen digu, hain zuzen ere, historiaren joan-etorrian, gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea, eraikitzen joan garen komunitate balioak ospatzeko. Iragana kontuan izanda baina, batez ere, aurrera begira jarrita, ospatu dezagun gipuzkoarron izana eta izena», adierazi du diputatu nagusiak.

Lehen hitzordua

Lehen hitzordua larunbat honetan egingo dute Donostian, Gipuzkoa ezpata-dantzan goiburu duela. Eguerdian Donostiako portutik abiatu eta, dantzariek ezpata-dantza eskainiko dute Alde Zaharreko zenbait puntu esanguratsutan. 13:00etan, komunitate osoa jarriko dute dantzan Konstituzio plazan, herritarrak ere dantza egitera ateraz.

Egun berean, Gipuzkoako Urrezko Domina den Juan Antonio Urbeltzek 1991an sortutako Muriska pieza koreografikoa eskainiko du Argia dantza taldeak San Telmo Museoko elizan. Sarrera doakoa izango da, baina aurretiaz San Btelmo Museoan eskuragarri egongo dira aforoa bete arte. Bi emanaldi antolatu dira: 19:30ean eta 20:30ean.

Tolosaldekoak: soka-dantza eta Urmugarekin bat

Urbeltzek berak esana da soka-dantza dela Gipuzkoan «udal protokoloaren dantza adierazgarriena, berdintasunezko dantza inon halakorik badago». Hori dela eta, Gipuzkoa hitzaren milurtekoa ospatzeko erakunde ekitaldi nagusia euskal protokolo tradizional horretan oinarrituko da. Uztailaren 5ean, larunbatean, Tolosako Euskal Herria plazan egingo den soka-dantzak Gipuzkoako herri-erakundeetako buruak batuko ditu, hala nola, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea eta lurraldeko gainerako alkateak. Dakigunez, historian lehen aldiz egingo den gipuzkoar autoritateen soka-dantzan parte hartzera gonbidatu dira alkate guztiak, gipuzkoarron ordezkari diren neurrian. Ekitaldi hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatu du.

Ospakizun herrikoi hauetan azkena, berriz, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen den UIizar mendian egingo da, Urmuga jaialdiaren egitarauaren barnean. Uztailaren 20an, igandean, jarritako hitzordu honetan erakundeetako ordezkariek ere hartuko dute parte. Urmugarekin bat egiten duten mendizaleak hiru bideetan barna iritsiko dira Ulizarrera –Berastegitik, Orexatik eta Arribetik– eta arratsaldean, berriz, Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria eskainiko dute Leitza eta Amasako koruek, Euskal Herriko eta Aragoiko dantza taldeekin batera. Ekitaldi eta musika emanaldi irekia izango da hau ere.

Dokumentuaren akzioak