Dokumentuaren akzioak
Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolaturik, Mutxikoen Eguna Arrangoitzen
Aterpeko aretoa jendez
gainezka zegoen, denak mutxikoak dantzatzeari lotuak, eta bitartean,
euriak bazterrak gainezkatzen zituen.
Sukaldariak ere, jo ta ke ari ziren lanean areto ondoko txokoan.
Aterpean dantzatu beharrak eragozpen handiak ekarri zituen ikastolakoek,
dantza bukatzean, toki berean egin behar zen bazkarirako mahai eta
kadirak ezarri behar izan baitzituzten.
Bazkaria urtero bezain ederra izan zen, hori bat, askok euskal kantuen
falta sumatu genuen. Pena da, baina urtetik urtera jendeak gero eta
gutxiago kantatzen du. Uniformizazioaren seinale ote? Tristatze
kolektibo baten ondorioa? Zerbait pentsatu beharko genuke hau
konpontzeko.
Bettiri Beteluri eskaini zioten aurreskua
Bazkalostean, eta egun honetan ohikoa den bezala, dantza emanaldi bat
eskaini zieten bertako harmailak mukuru betetzen zituzten ikusleei.
Beasaingo Dantza Taldeko neska-mutilek , modu ezin hobean, Gipuzkoako
eta Bizkaiko dantzak burutu zituzten denon gozamenerako. Biziki
hunkigarria izan zen mutxikoen arrapiztaile eta zabaltzaile sutsu eta
gartsu izan zen Bettiri Beteluri eskaini zioten aurreskua.
Jendeak esku-xarta handiekin eskertu zuen. Gero arratseko seietan,
mutxikoen bigarren saioa etorri zen, eta jendea, berriz ere, gogo handiz
lotu zitzaion dantzatzeari. Dantza saioa bukatu ondoren, eta eguna ongi
bukatzeko, ainitzek ikastolak saltzen zituen taloekin afaldu genuen.
Egun ederra, Arrangoitzen, urtero, urriaren bigarren igandean ospatzen den Mutxikoen Eguna.
Dokumentuaren akzioak