Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ipar Euskal Herriko azken dantza lanak Luhuson ikusgai izanen dira, bihartik igandera

Dokumentuaren akzioak

Ipar Euskal Herriko azken dantza lanak Luhuson ikusgai izanen dira, bihartik igandera

Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak Bilaka eta Berritza konpainien eta Ezpeletako eta Lekorneko dantzarien azken lanak aurkeztuko ditu bihartik igandera Harri Xuri Dantzan jaialdiaren karietara. Larunbateko sarrerak agortuak dira, besteak ez oraino.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Berria
Tokia
Luhuso
Mota
Albistea
Data
2024/11/14
Lotura
Berria
Bilaka konpainiako dantzariak, 'Ilauna' ematen, Miarritzeko Maitaldian. CHARLOTTE COSTA
Bilaka konpainiako dantzariak, 'Ilauna' ematen, Miarritzeko Maitaldian. CHARLOTTE COSTA

Antzinako urteetan bezala, IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak Harri Xuri Dantzan jaialdia antolatu du, Luhuson (Lapurdi). Bihartik igandera, lau dantza emanaldi sartu ditu egitarauan, eta dantza jantzi erakusketa bat. Izenak dioen bezala IDBk egoitza soziala bertan daukan eta dantzarako muntatu zen Luhusoko Harri Xuri gelan izanen dira emanaldiak. Bilaka dantza konpainia profesionalak irekiko du jaialdia, bihar 20:00etan, Ilauna lan berriarekin. Larunbat gauean Berritza konpainia zuberotarrak Maska’roa sortu berria aurkeztuko du, baina sartze guziak salduak dira jadaneko. Igandean, Ezpeleta eta Lekorne herrietako dantzariek erakutsiko dituzte landu dituzten azken dantzak.

Miarritzeko (Lapurdi) Maitaldia dantza jaialdian aurkeztu berri du Bilakak Ilauna. Euskal Herriko eta Okzitaniako herri musika lantzen duen Adar musika taldearekin landu egitasmoa izan da. Gau Beltzaren erritu eta sinbologia hartu dute oinarritzat dantza mugimendu eta koreografien asmatzeko.

Mauleko Berritza konpainiako dantzariek, berriz, Kukai taldeko Eneko Gil dantzariarekin berrikusi nahi izan dituzte maskaradetako moldeak, Maska’roa deitu duten ikuskizunean. Urrian aurkeztu berri dute, Maule-Lextarren. Larunbatean, 20:00etan emanen dute berriz Luhuson.

Ezpela Ezpeletako (Lapurdi) dantza taldeak 55 urte bete ditu aurten, eta molde berezian markatu du. Taldeko gaurko eta atzoko dantzariak bilduz. 7 eta 77 urte arteko dantzariak nahasiz, Amalur ikuskizuna eman zuten herrian berean, irailean. Lekorneko (Lapurdi) herritarrek, uda honetan kabalkada muntatu zuten. Dantzari alde handia aritu da, eta kabalkadako apailatu dantza batzuk emanen dituzte Luhuson. Igandean, 17:00etan ariko dira Harri Xuriko oholtzan ezpeletarrak eta lekondarrak.

IDBk nahitara bildu ditu dantza ogibidea dutenak eta herrietako amateurrak jaialdirako. Gehiago dena, plazaratu diren lan berriak dituzte erakutsiko. IDBko langile berriak, Aintzane Garatek, esplikatu du IDBko talde guziei luzatzen zaiela gomita Harri Xuri Dantzan jaialdirako zerbait proposa dezaten. «Halako festibal baten helburua talde eta maila ezberdinetako dantzariak aitzinean ematea da», erran duenez. Egin duten lana «jende gehiagori» erakusteko parada ukan dezaten.

Berritzakoek ez, baina beste taldeek moldaketak egin dituzte Luhusorako. Bilakak Ilauna jende artean emateko pentsatua du «giro intimista batean». Parez pareko plantan agertuko direnez Luhusoko gelan, araberan apailatuko dute. Lekorneko kabalkada herriko plazako eta kanpoko muntatu zenez, hor ere zenbait dantza hautatu eta araberan emanen dituzte. Ezpelakoek ere ez dute Ezpeletan eman zuten ikuskizuna den bezala emanen. «Dantza batzuk hautatu dituzte agerraldia laburtuz».

Emanaldiak gauez izanagatik, gaualdiro ostatu bat proposatuko du IDBk. Horrez gain, larunbat eta igandean, Kanboko ikastolak taloak salduko ditu. Dantza emanaldiez gain, bestalde, Zuberoako dantza jantzi erakusketa bat ikusten ahalko da, larunbatean, Harri Xurin, Maritzuli konpainiak eginik.

Talde berria IDBn

Garat etorri berria da IDBko irakasle lanpostura. Intza Irungarairen eta Pierre Latasaren segida hartu duen talde berritua dauka elkarteak. Garatek ikastetxeetan dantza eskolak ematen ditu, orain.

Bizkitartean, dantza taldeen federazioak lehengo helburu berekin jarraitzen du: «Gure helburua beti da euskal dantza eta kultura irakastea». Haatik, Garatek erran duenez ez da IDBren egitekoetan dantza taldeetarat irakasleen bidaltzea, baizik eta dantza taldeetakoen formatzea: «Dantza taldeentzat edukiak sortzen ditugu fitxa teknikoen bidez».

Harri Xuri Dantzan jaialdiko dantza emanaldietarako sartzeak salgai dira, oraindik, Helloasso Interneteko plataforman.

Lekorneko dantzariak
Lekorneko dantzariak joan den uztaileko kabalkadan. AMAIUR ARISTI/DANTZAN.EUS

Dokumentuaren akzioak