Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ipar Euskal Herria Getxora hurbiltzeko jardunaldiak hasiko dira bihar

Dokumentuaren akzioak

Ipar Euskal Herria Getxora hurbiltzeko jardunaldiak hasiko dira bihar

"Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketak hasiera emango dio bihar Iparra Galdu Gabe jardunaldien zortzigarren edizioari. Ekimenaren helburua da Ipar Euskal Herriaren errealitatea Getxora hurbiltzea. Aurten, ikuskizunez, solasaldiez eta ekitaldiez gainera, euskal nortasuna adierazten duen euskal dantzari buruzko erakusketa egongo da ikusgai.
Komunikabidea
Hiruka
Mota
Albistea
Data
2018/10/03
Lotura
Hiruka

Erakusketa inauguratzeko ekitaldia egingo dute bihar, eguenean, Romo Kultur Etxean. Arrastiko 19:00etan jarri dute hitzordua, eta bertan egongo dira Imanol Landa Getxoko alkatea eta Pantxoa Etchegoien Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria. Ekitaldian oroigarri bat emango diote Getxon jaio eta Iparraldean bizi eta euskal dantza erakusten lan handia egin zuen Koldo Zabala (1935-2014) dantzari eta koreografoaren familiari.  

"Aurreko edizioetan bezala, Jardunaldiek laguntzen digute Iparraldearen errealitatea hobeto ezagutzera eta oraingoan, euskaldunentzat garrantzitsua den dantzaren ingurukoak hurbilduko dizkigu EKEk antolatutako Soka erakusketa ibiltariak", nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. Erakusketan Getxok partaidetza berezia du, auzokidea izan zen Koldo Zabalari esker ona eskaini gura diolako eta Getxophotok dantzari getxoztar batzuei ateratako formatu handiko hiru anaglifo (betaurreko berezi bategaz hiru dimentsiotan egongo balira bezala ikusten diren irudiak) aurkezten baitu. "Ohi bezala, oso garrantzitsua da Jardunaldi hauek aurrera ateratzeko, erakundeok egiten dugun lanaz gain, herriko elkarteek, kasu honetan euskara elkarteek (Egizu, Bizarra Lepoan, Azebarri) eta dantza taldeek burututako lana. Oso erakusketa erakargarria da eta horregatik herritarrak gonbidatzen ditugu hurbiltzera eta antolatu ditugun doako bisita gidatuetan izena ematera. Horrekin batera, hilabete luze batean izango diren gainontzeko jarduerekin ere gozatu ahal izango dute getxotarrek, publiko mota eta adin guztientzako ekitaldiak izango baitira", gaineratu du Iturbek.

Bestalde, Pantxoa Etchegoinek nabarmendu du ia duela 20 urte hasi zela Getxogaz harremanak izaten eta jardunaldiak oso sustraituta daudela. Aurtengo erakusketa berezia da, duela urte batzuez geroztik herriz herri eramaten ari direna. "Anitz jendeak egiten du dantza Euskal Herrian eta erakusketari SOKA izena eman diogu, ezaguna den dantza horregatik, baina badakigu dantzak lotura duela gizartearekin eta jendea lotzen dela dantzaren bitartez eta hori erakutsi nahi dugu izen hori emanez, eta baita lotu gaitezen ere, lotura izan dadin euskal kulturarekin gure gizartean", azaldu du Etchegoinek.

Soka erakusketa

Euskal dantza ezagutzera ematea helburu duen erakusketa urriaren 4tik azaroaren 4ra egongo da ikusgai RKEn. Erakusketa multimedia da, 400 ilustrazio baino gehiago dituena; horien artean daude argazki bildumak, filmak, lekukotasunak, soinu zatiak edo euskal dantzaren estetikaz edo alderdi sozialaz egindako bideo sorkuntzak. Horien bitartez erakutsi gura dute euskara eta euskal dantza direla euskaldunak komunikatzeko, sentitzeko eta bizitzeko dituzten berezko lengoaiak, hitzen bidez gorpuzten delako euskara, eta gorputzaren bidez euskal dantzak, eta belaunaldiz belaunaldi plazara soka-dantzan eskuak lotuta dantzara ateratzeak iradokitzen duela transmisio hori.

Erakusketak hurrengo lau atal ditu: "Zergatik dantzatzen duzu?", "Euskal dantza eta historia", "Dantza eta gizartea" eta "Sorkuntzaren bideak".

Bisita gidatuak erakusketara

Getxoko Udalak hainbat bisita gidatu antolatu ditu, herritarrentzat eta baita berezi batzuk institutuetako ikasleentzat eta dantza taldeetako kideentzat ere. Bisita gidatuak, dantzari getxoztar baten eskutik, urriaren 15etik 26ra izango dira, doan; astean zehar, 9:30ean, 10:30ean, 11:30ean, 17:00, 18:00 eta 19:00etan, eta aste-akabuetan 11:00, 12:00, 13:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan. Izena emateko 944 660 022 telefono zenbakira deitu behar dute interesatuek.

Erakusketa bisitatzeko ordutegia astelehenetik barikura 08:00etatik 22:00etara izango da, eta aste-akabuetan, 09:00etatik 21:00etara. 

Egitaraua

Iparra Galdu Gabe Jardunaldien VIII. edizioak egitarau zabala antolatu du publiko guztientzat, hilabete luze batean. Horrela, erakusketagaz batera, urriaren 4tik azaroaren 4ra bitartean, hitzaldiak, antzerkia, ardo dastaketa, literatura solasaldia, kontzertua, dantza, kantu afaria eta irakurketa musikalak izango dira. Egitarau osoa HIRUKA komunikazio-taldearen aplikazioan dago ikusgai.

Ipar Euskal Herria Getxora hurbiltzeko jardunaldiak hasiko dira bihar

Erakusketa ikusgai egongo da, azaroaren 4ra arte. © JOHAN MORIN - EKE

Dokumentuaren akzioak