Dokumentuaren akzioak
Inude eta Artzainak antolatzen hasiko dira igandean
Eraiki Dantza Taldea otsailaren 12an Irunen egingo den Inudeen eta Artzainen desfilea antolatzen hasi da. Egun hori eraikitzen hasteko asmoz, dantza taldeak bilera bat egingo du igande honetan, hilaren 8an, 12:00etan, Behobiako Auzo Elkartean. Bertan, dantzariek izena emateko aukera izango dute, eta desfilea osatzen duten pertsonaiak banatuko dituzte.
Inudeen eta Artzainen eguna otsailaren 12an egingo da Irunen, Inauterien aurreko igandean. Ohiko moduan, Irungo kale nagusiak zeharkatzen dituen desfilean adin guztietako dantzariek parte hartu ahal izango dutela zehaztu dute Eraikiko kideek.
Inude eta Artzainez gain, beste hainbat pertsonaia ere izango dira, medikuek, erizainek, apaizek, alkateek edota baserritarrek ere euren txokoa izango baitute. Igande honetan irekiko da desfilean izena emateko epea, eta Eraikitik interesa duen edonori luzatu diote parte hartzeko deia, pertsonaia zein dantzari gisa.
Dokumentuaren akzioak