Pozik agertzen ziren igandean Ihote taldeko partaideak, aurtengo ihoteak amaitu ostean. Batetik, «parte hartze handia» azpimarratzen zuten, eta, bestetik, «inoiz baino mozorro gehiago ikusi ditugulako».
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2013/02/05
Lotura
Diario Vasco
Eguraldiak ez badu gehiegi lagundu ere, ostiralean jende andana elkartu zen Doneztebe plazan, inoiz baino irrika handiagoz Intxixuen eta Sorginen etorrera ikusteko. Gainera, aurten Sorginekin berrikuntzak sartu dituzte antolatzaileek. Izan ere, ohiko sorgina eta mendiko sorgina bereizi dituzte. Azkeneko horiek mozorro ikusgarria zeukaten, izugarri landua. Gorputzak ederki astindu zituzten, suaren bueltan, euriari muzin eginez.
Larunbatean, berriz, 350 lagun atera ziren Kuestazioan, kazkabarrari aurre eginez. Auzo guztietatik barrena ibili ziren salto eta brinko, baserriz baserri eta etxez etxe, puskak jasotzen. Bapo bazkaldu zuten, gero, auzoko elkarteen gerizpean. Arratsaldean Kontzejupean elkartu ziren, eguraldi txarra zela medioa. Hantxe egin zituzten ohiko kalejirak.
Igandean bazen berrikuntzarik. Aieka batetik, eguraldi bikaina. Bestetik, Elizalde herri eskolak antolatutako desfilea. Ederki luzitu zituzten euren jantziak eta primeran aritu ziren bai bertsotan, bai dantzan ere.
Azkenik, Mutxikoak. Dantzariak zakuz jantzita ikusi genituen. Dantzan ederki dakitela erakutsi zuten, beste behin ere. Ilunabarrean, aldiz, Intxixuen eta Sorginen despedida etorri zen. Dagoeneko Kataxulon daude.
Bukatzeko, ihote 'mundialak' izan direla esan daiteke. Ihote taldeak -50 lagunez osatua- izugarrizko lana egin du, dena primeran joateko. Eskertzekoa da festa horretan jartzen dituzten arima eta bihotza. Bejondeizuela!
Jende andana elkartu zen Doneztebe plazan, intxixu eta sorginei ongietorria emateko. :: ARGAZKIAK GOIZARIN

Primeran aritu ziren dantzariak igandean, eguraldiak lagunduta
Gaztetxoak izan dira, beste behin, ihoteez gehien gozatu dutenak; kantuan eta dantzan, ikusle bezala,e dota kuestazioan parte hartuz.
Igandeko irudi ikusgarria Oiartzunen.
Oiartzungo ihoteek familia bitxiak osatzen dituzte.