Dokumentuaren akzioak
Intxixu eta Sorginen magia zabalduko da gaur ilunabarrean Oiartzunen
Burrunbarekin lehertuko da festa, arratsaldeko 17:00etan
Gaurtik hasi eta igandera bitarte Intxixuak eta Sorginak izango dira nagusi herrian. Urtean zehar, Aiako Harrian bizi dira, bertako kobazuloetan, zelaietan, errekan. Gaur, ordea, herrira jaitsiko dira eta igandera bitarte, eurak izango dira herriko protagonistak. Hortaz, gaur ilunabarrean kaleko sorginek harrera egingo diete herritarrekin batera eta udaletxea hartu, sua piztu eta dantza eta festaz beteko dituzte bazterrak.
Zortzi intxixu etortzen dira eta bakoitzak auzo bat ordezkatzen du. Aurten, 26 urte izango dira Zirri-mirri, Zirri-latz, Zirri-zarba, Zirri-beltz, Zirpi-zirbi, Zirri-zar, Kurri-kurri eta Zirri-gor intxixuak Kataxulotik jaisten direla herrira. Azken urteetan, Intxixuekin batera, Sorginak ere jaisten dira. Mendian bizi diren sorginak dira Legarretik beheiti jaisten direnak, zortzi, Intxixuak bezala. Behin herriko plazara iristen direnean, kaleko sorginekin elkartzen dira. Kaleko sorginak gure herriko baserrietan bizi diren sorginak dira, mendiko sorginak baino apainagoak, dotoreagoak.
Intxixuak zakarrak eta baldarrak dira, baina oso jentilak, bihotz onekoak. Ehiztari bikainak dira eta naturarekin elkarbizitzan bizi dira. Sorginak ere bihotz onekoak dira historia liburuetan eta abesti zaharretan kontrakoa esaten bada ere. Oso bizkorrak dira eta jakintza handia daukate naturaren inguruan.
Ihote dantzak ikasten
Aurten ere aukera edukiko dugu intxixuekin eta Sorginekin asteburua pasatzeko. Ostiralean bandera jarriko dute Udaletxeko balkoian. Hortik aurrera, herrian ibiliko dira. Larunbatean, auzoetan Kuestazioan ibiltzen diren herritarrekin egongo dira. Kuestazioan poxpolinez jantzi eta etxez etxe, baserriz baserri dantzan ibiltzen dira auzotarrak, puskak biltzen. Etxe atariak errazten dituzte izpiritu txarrak usatzeko eta eskean aritzen dira giro alaian.
Igandean ere herrian ibiliko dira Intxixuak eta sorginak, ilunabarrean Udaletxetik bandera kendu eta agur esaten diegun arte.
Goza dezagun denok Intxixuez eta Sorginez! Eta haiek ere eroso senti daitezen, jantzi dezagun denok zaku mozorroa! Hortaz, ... beti gau ta egun, gora dezagun! Oiartzun, gogor erantzun!!!
Ihote giroan behar bezala murgiltzeko, Soinuenea Fundazioak Abaraxkako lagunekin batera Ihote dantzen ikastaroa prestatu zuten joan den larunbatean. Haiekin elkarlanean, Aitor Arozena txistularia eta Olarri taldeko dantzariak gogotik saiatu ziren haur, gazte eta helduak dantzan trebatzen. Egindako saiakera gaur praktikan jartzeko aukera izango dute, Doneztebe plazan.
Dokumentuaren akzioak