Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Intxixu eta Sorginek herria hartu eta anabasa nagusitu da bailaran

Dokumentuaren akzioak

Intxixu eta Sorginek herria hartu eta anabasa nagusitu da bailaran

Suaren inguruan dantza egin zuten gure Intxixu eta Sorginek. Jarraian, auzoetako banderak igo zituzten udaletxean

Inauteriak baino aste bete lehenago iritsi ziren atzo Sorginak eta Intxixuak Doneztebe plazara. Bereziak dira Oiartzungo Ihoteak. Bertan ez da ohiko desfilerik ikusten eta Intxixuak eta Sorginak dira protagonistak, herritarrekin batera. 1991n ospatu zituzten lehen aldiz, Francoren diktaduraren ondoren, eta indartu dira ordutik.
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2014/02/22
Lotura
Diario Vasco

Hortaz, atzo hasi ziren Ihoteak Oiartzunen. Eguraldia lagun zutela, Haurtzaro ikastolako eta Elizalde eskolako dantzariek Azeri- eta Sorgin-dantza eskaini zuten festaren hasiera modura. Gero, Aiako Harriko Kataxulotik zetozen Intxixuen eta Sorginen bila joan ziren denak, irrintzika eta oihuka, mitologiak eta gizarte zibilizatuak bat egiteko.

Doneztebe plazara iritsi hala, Ihoteetako aurkezleen hitzek ongietorria eman zien: «Zaharrak eta gazteak, otiak, otsuak eta larrak: joan zaigu jenerazio txit perrua eta heldu zaigu jenerazio sanua, jentila bezain humanua! Intxixu eta Sorginak herria hartu eta anabasa nagusituko da Oiartzungo bailaran! Har dezagun plaza eta egin dezagun dantza! Atera dezagun orrua, astin dezagun larrua!».

Suaren inguruan dantza egin zuten gure Intxixu eta Sorginek. Jarraian, auzoetako banderak igo zituzten udaletxeko balkoira. Une zirraragarria izaten da, inondik ere. Lehendabizi Sorgina; gero, Intxixua. Gero, Ihote baltsak ere ez zuen huts egin eta anabasa ederrean dantzatu zuten guztiek. Baltsa hori Jose Mendizabal 'Txistu' zenari esker berreskuratu zuten, garai batean Oiartzunen dantzatzen zena, eta gaur egun dantzatzen dutena Intxixuek sorginekin batera.

Azkenik, herritarrak elkartu zitzaizkien eta denek dantza ugari egin zuten suaren bueltan: Arratiako arin arina (Sorginek dantzatzeko, albokariek lagunduta), Zazpi jauzi, Petiri dantza (Satan dantza), Lantzeko zortzikoa, Luzaideko Bolant dantza (Xoxo dantza), Fandangoa, Arin-arina.

Kuestazioa, puska biltzea

Gaur goizean Oiartzungo auzo bakoitzean talde bat ibiliko da baserrietan eta etxeetan dantzan, trikiti soinua lagun dutela. Neskak poxpolinez jantzita ikusiko ditugu; mutilak, berriz, galtza eta alkandora zuriarekin eta gerriko eta txapela gorriekin; guztiek alpargata zuri zinta gorridunak jantziko dituzte oinetan.

Taldekide guztiek zinta bat edukitzen dute besoan lotuta, bere auzoaren adierazgarri (Ugaldetxo: morea; Iturriotz: urdin argia, Altzibar: arrosa; Karrika: gorria; Ergoien: lila; Gurutze: berdea; Arragua: horia; Elizalde: zuria).

Baserrietakoek eta etxeetakoek dirua edo janaria emango diete (odolkiak, txorizoa, intxaurrak, arrautzak.). Talde bakoitzak trikitilariak eta bandaduna edukitzen ditu, bai eta erratza, saskia eta burruntzia ere.

Jasotakoarekin eguerdian Madalensoron bilduko dira bazkari legea egitera. Gero, denak herriko plazara igoko dira, arratsaldeko 18:00etan.

Festak ez du etenik izango.

Intxixu eta Sorginek herria hartu eta anabasa nagusitu da bailaran

Dokumentuaren akzioak