Dokumentuaren akzioak
'Intxaur hauskailua' ikusgarria gaur Gare du Midin
Duela lau urte aurkeztu zuen balletaren bertsio eraberritua Biarritz Balletak. Ekoizpen honek Hoffmannek 1816. urtean argitaratu haur ipuin bat du inspirazio iturri. Alejandro Dumas aitak bereganatu eta Petipak ballet bilakarazi zuen 1895ean. Istorioa Eguberriz iragaiten da. Osabak Marie neskatilari intxaurrak hausteko tresna eskaintzen dio. Gaua jitearekin neskatila tresna bitxi horren inguruan hasiko da amesten. Printze salbatzaile eta arratoi gaiztoek osatu mundu liluragarri batera eramaten du bere irudimenak.
Obrak haurtzaroan sartzera gomitatzen du, umorea eta fantasia lagun. Txaikovskiren musika oinarri, Thierry Malandain koreografoa «plazer handiz» aritu da obra hau taularatzen 12 dantzarirentzat. Biarritz Balleteko gaztetxo zenbait gonbidatu ditu Malandainek, eta dantzazale guziak ere bai, heldu eta haurrentzat josia baita Casse-Noisette ikusgarria.
Dokumentuaren akzioak