Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inoizko Maitaldirik jendetsuena

Dokumentuaren akzioak

Inoizko Maitaldirik jendetsuena

Arrakasta bildu ahala, Miarritzen sustraitzen ari da dantza jaialdia, antolatzaileen iduriko

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2007/09/18

Irene Tassembedo burkinafasoarraren ikusgarri arrakastatsuarekin joan den igandean amaitu zen 17. Maitaldia, giro beroan. Leku askotako dantza konpainiak Miarritzen pausatu dira aldizka hamar egunez, kultura, estilo eta kolore nahasketa bizia osatuz. Kasinoa, Koliseoa eta Gare du Midi gelak gehienetan bete baldin badira ere, dantza kanpoan jartzeko apustuaz ez dira dolutu antolatzaileak. Egunero, taldeen errepikapenak herriko plazetan segitu ahal ziren, bai eta ikusgarriak ere, urririk. Tailerretara ere lotsarik gabe joan dira zaleak.

«MAITALDIA SUSTRAITZEN ARI DA». «Dantzaren demokratizazioa» martxan jarri nahi dute antolatzaileek Miarritzeko inguruan, eta, emaitzak ikusiz, badirudi bide onetik dabiltzala. «Jendeari aukera eman behar zaio, dantza arte ezezaguna baita oraino gure xokoan», aitortu du Filgi Claveriek, Maitaldiko programazio zuzendariak. «Gure jaialdia geroz eta herrikoiagoa da. Herrikoia alde onetik, sustraitzen ari baita Maitaldia, festibala anitz behera egiten ari diren garaian».

Prezioen politika berezia ere jarri dute antolatzaileek, «demokratizazioa» sustatzeko helburuarekin. «Koliseoan, adibidez, 10 eurotan zen sarrera... Dantza emanaldi baten ikusteko, prezio polita da», Claverieren iduriko. Bost emanaldi 70 eurotan ikusteko txartelaren arrakasta ere goraipatu du zuzendariak.

Geroari begira, hainbat helburu dituzte antolatzaileek. «Sorkuntzak bultzatu, hego hemisferioko konpainiak ezagutarazi, barnealdearekin, batez ere Garazikusekin, harremana sendotu», besteak beste, hari horiekin arrakasta eta Maitaldia loturik atxikitzeko.

Dokumentuaren akzioak