Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Industri maisu lan egin baino nahiago nuen dantzari izan»

Dokumentuaren akzioak

«Industri maisu lan egin baino nahiago nuen dantzari izan»

Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen 15. Dantza saria jasoko du, bihar, Joxean Begiristainek (Olaberria, 1963). Espainiako Dantza Konpainiako dantzari izana da.
Egilea
Aimar Maiz
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/04/28
Lotura
Goierriko Hitza

Madrilen garatu duzu dantzari bizitza, baina goierritarra zara.

Ordizian bizi dira gurasoak. Ataungoak dira biak. Anaia zaharrena ere hortik ibiltzen da. Dena Goierrikoa dut, peto-petoa. Asko ez naiz joaten: Eguberrietan, udan, zubietan…

1982an joan zinen Madrilera.

Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean 1987an sartu nintzen, eta lau edo bost urte lehenago joan nintzen Madrilera. Beraz, inguru horretan.

Baina, dantzan, Beasainen hasi zinen.

Bai, Kontxi Aranbururekin. Berak bultzatu ninduen. Nik euskal dantzak egiten nituen, betidanik. Oso txikitan hasi nintzen Beasaingo La Salle eskolan, gero Aurtzakan. Esan behar da oso-oso aberatsak direla euskal dantzak eta folklorea, bereziak.

Irakurri dizut ballet klasikoko pauso asko euskal dantza folklorikotik datozela.

Bai, hala da. Saut de basque eta pas de basque badira balletean, euskal dantzetatik datozenak. Luis XVI.a Frantziako erregeak Iparraldeko dantzak hartu zituen, eta hortik datoz izenak eta pausoak. Balletean ohikoak dira.

Beraz, oinarri ona zeneukan.

Izugarrizko ariketa egiten duzu euskal dantzan. Gorputza zuzen mantentzen duzu, saltoak eta birak egiteko; hanken bateria esaten duguna asko erabiltzen da; kontestu koreografikoa ere asko ikasten da; aldamenean beti jendea duzu, eta kokapena ere bai…

Kontxi Aranburuk zer eman zizun, hasiera hartan?

Urte bat edo bi egon nintzen, baina izugarrizko lana egin zuen. Profesio honekiko maitasuna eta diziplina sartu zidan. Klase partikularrak, gainera, nik uste kobratu gabe ematen zituela. Asko egin zuen. Ni industri maisu ikasten ari nintzen Goierri Eskolan, azkeneko urtean. Une batean, galdetu zidan ea hartan lan egin nahi nuen, ala Madrilera joan eta dantzari bezala saiakera egin. Esan nion nahiago nuela dantzari izan; saiatu, behintzat. Berak hots egin zuen akademia batera, eta matrikulatu egin ninduen.

Dena utzi eta buru-belarri dantzarekin. Zer aldaketa, ezta?

Ikasketak bukatu gabe oraindik, errekuperazioak neuzkan eta. Irailaren 13an aurkezteko esan zidan, akademian. Treneko billetea joateko eta etortzeko hartu nuen, Eguberrietan itzultzeko asmotan. Ez nekien balio nuen ala ez. Baina hemen zerbait ikusi zidaten.

Norekin hasi zinen han?

Luis Fuenterekin. Gurasoek esfortzu ederra egin zuten. Gero, eta uste dut gainera segitzen duela, Gipuzkoako Diputazioak ematen zituen bekak dantzan formatzeko. Hiru urtean eduki nuen; ez zen asko, baina laguntzeko bai. Ordurako dantza egin nahi nuen, bai ala bai.

Orain 35 urte arraroa al zen ofizioz dantzari izatea?

Bai, baina Gipuzkoan bazegoen jendea, gehienak mutilak gainera. Bat Javier Aranburu, Kontxi irakaslearen anaia. Madrilen dantzari ospetsua izan zen, izarra. Internazionala, eta oso-oso ona. Talentu handia zeukan.

Espainiako Dantza Konpainian sartzea lortu zenuen.

1987an sartu, eta finko 1995ean egin ninduten. Ordurako umeak genituen, eta lasaiago. Dantzari aktiboki 1999an utzi nion, eta aukera izan nuen Konpainian bertan administrari gelditzeko, beste departamentu batean. Orain kolaborazio txiki bat egiten dut, Don Quijote balletean, protagonistaren aitarena. Aukera izan dut berriz eszenara ateratzeko. Madrilen, Teatro de la Zarzuelan bi urte egin dugu, eta birak ere bai: Sant Cugat del Valles, Bilboko Arriagan, Valentzian, Murtzian, Granadan… Niretzat oso-oso polita izan da.

begiristain

Dokumentuaren akzioak