Inauterietako zorrak kitatzeko eguna otsailaren 2an izanen dute Iturenen
Herriko dantzarien saioa eta egur-probak izanen dituzte goizean herriko plazan eta bazkaria Maialen Lujanbio eta Agin Laburu bertsolariekin
Inauteriak borobiltzeko Kontu Eguna izanen dute otsailaren 2a, larunbata, iturendarrek. Egindako otorduak eta musikariak ordaintzeko hitzorduaren bueltan, egun osoko egitaraua antolatu dute.
Herriko dantzarien saioarekin hasiko dute eguna. Plaza musikaz eta dantzaz girotuko dute. Emanaldiaren ondotik, herri-kirolariek hartuko dute lekukoa. Joan den urtean bezala, aurten ere, egur-probak (ebakitze-, garraiatze-, pilatze-probak) eginen dituzte. Probetan parte hartu nahi dutenek Herriko Ostatuan eman dezakete izena. Joan den urtean bezala, probetarako erabilitako egurra zozketatuko dute (zozketa-txartelak bi eurotan salduko dituzte) eta aurten lortutako dirua Pulunpa eskolarako izanen da.

14:00 aldera mahaiaren bueltan bilduko dira. Aurtengoan Maialen Lujanbio eta Agin Laburu bertsolariak izanen dituzte. Arratsaldean, berriz, Hauspolariek taldearen eskutik, dantzaldiaz gozatuko dute.
Aurtitzen, xaharren afaria eginen dute igandean.