Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien itxura faltsua eman dela salatu dute Ituren eta Zubietako Udalek

Dokumentuaren akzioak

Inauterien itxura faltsua eman dela salatu dute Ituren eta Zubietako Udalek

Nahiz eta ospakizunen antolaketan parte ez hartu, beraien eskumenen barrenean animalien babesari buruz indarrean dagoen araudia betetzea zainduko dutela adierazi dute
Egilea
Ttipi-Ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Malerreka
Mota
Albistea
Data
2017/02/24
Lotura
Erran

Nafarroako Gobernuko 34/2009 Foru Dekretuak deklaratu zituen Iturengo eta Zubietako inauteriak interes kulturaleko ondasun inmateriala. Ondoren, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariaren 21/2011 Foru Aginduak, martxoaren 3koa, adierazi zuen Nafarroako Interes Turistikoko Festa direla. Aurtengo inauterietako portaera bakan batzuk piztu duten erantzun eta erreklamazioen aurrean, Iturengo eta Zubietako Udalek prentsa-oharra karrikaratu dute. Nahiz eta ez duten ospakizunaren antolakuntzan eta finantzaketan parte hartzen, «beraien eskumenen barrenean animalien babesari buruz indarrean dagoen araudia betetzea zainduko dutela adierazi dute» eta aldi berean, «irudien erabilera interesatu eta manipulatuarekin, inauterien itxura faltsua» eman dela salatu dute.

Mari Jose Bereau eta Ernesto Dominguez, Ituren eta Zubietako alkateek sinatutako idatziak dioenez, «Inauteria da kultur espresio herrikoi bat eta bi dira haren benetazko protagonistak: joaldunak eta mozorroak. Iturengo eta Zubietako Udalek ez dute ospakizunaren antolakuntzan nahiz finantzaketan parte hartzen».

Oharrak dioenez, «animalia hilak erakustea ez dago jaiaren ondare-kulturalaren baitan eta Udalak erabilera horren aurka daude. Gainera, konpromisoa hartzen dute animalien babesari buruz indarrean dagoen araudiaren betetzea zaintzeko; betiere, bere eskumenen esparruan eta esku dauzkaten baliabideekin».

Aldi berean, Ituren eta Zubietako Udalek ez dute onartzen «zenbait pertsona zein talde animalistak sare sozialetan eta agirietan egin duten irudien erabilera interesatu eta manipulatua —aurreko urteetako eta beste herrietako jaietako argazkiak sartuz—, itxura faltsu hau ematea helburu: ospakizunaren muina osatzen duela hilotz, odol eta erraien akelarre batek».

Bi herri hauetako bizilagunei zuzenduta, sare sozialetan argitaratu eta Udaletxetara bidalitako gorroto adierazpen, irain eta mehatsu guztiak gaitzetsi dituzte Ituren eta Zubietako Udalek eta haien aurka, bidezko lege-ekintzak abiaraztea aztertzen ari dira.

Inauterien itxura faltsua eman dela salatu dute Ituren eta Zubietako Udalek

Mozorro bat inauterietako astelehenean, Iturenen.

Dokumentuaren akzioak