Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien iragarleak

Dokumentuaren akzioak

Inauterien iragarleak

Kaldereroek eta inude eta artzainek Donostiako kaleak astinduko dituzte gaur eta bihar. Tolosan, Irunen eta Iruñean ere ospatuko dituzte
Egilea
Miren Mujika Telleria
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2022/02/23
Lotura
Berria
Donostiako kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsetako kideak, aste honetako aurkezpenean.
Donostiako kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsetako kideak, aste honetako aurkezpenean. JON URBE / FOKU

Zartagin hotsek beteko dituzte gaur Donostiako kaleak. Lehengo urtean pandemiak baldintzatu bazituen ere, aurten ez dute amore eman kaldereroek. Berezia izango da, gainera. Izan ere, 50. aldia dute aurten, eta konpartsetako kideek ziurtatu dute «gogo betez» daudela.

Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak Parte Zaharreko kaleetan desfilatuko du. 18:45ean abiatuko dira, Zuloaga plazatik, eta amaitu ere bertan amaituko dute, 21:30ak aldera. Urteroko kanpamentuari ere eutsiko diote aurten, eta 20:00etan izango da hori, Konstituzio plazan. Hala ere, jakinarazi dute koronabirusa dela-eta ez dutela ibilbidean zehar geldialdirik egingo tabernetan.

Hemeretzi tribuk parte hartuko dute aurten Konpartsa Tradizionalean; 284 bat kaldererorekin. Ardatza tribuko arduradun Aizpea Leizaolak azaldu du zer ekarriko duten gaurko egunez: «1972tik jaian parte hartzen duten tribuetako arduradunek ordezkatuko dituzte Erregina eta Damak». Eta, hain zuzen, Leizaolak berak hartuko du Erreginaren rola. Damak, ordea, Gaztelubide elkarteko arduradun Ander Garmendia eta Union Artesanako Juanjo Perez izango dira. «Konpartsa berriak sortu dira, eta jaia gure hiriko hainbat auzotara zabaldu da».

Txomin auzoko kaldereroek ere gogor eragingo diote mailuari. 18:00etan abiatuko dira, Aintzieta pasealekutik, eta, jakinarazi dutenez, espaloitik egingo dute ibilbide guztia.

Hala ere, ez dituzte soilik kaldereroek biziberrituko asteburu honetan Donostiako kaleak. Kresalako inude eta artzainek bihar iragarriko dute inauterien etorrera. 12:00etan abiatuko dira Euskal Herria kaletik, eta kalez kale arituko dira dantzan, makilak eta panpinak eskuan. 

Joxe Muruak, Kresalako Inude eta Artzainen Konpartsako ordezkariak, azaldu du 30 bikotek parte hartuko dutela, 60 danborrariren eta The Joselontxo's txarangaren doinuen laguntzaz.

Antigua auzoan ere izango da inude eta artzainen desfileaz gozatzeko aukera, Antiguotarrak taldearen eskutik. Baina datorren larunbatean izango da; hilaren 26an.

Beste hainbat txokotan

Iruñea ere ez da kaldererorik gabe geratuko, gaur 18:30ean hasiko baitu kalejira Iruña taldeak. Beren egoitzatik Nabarreriarainoko ibilbidea egingo dute. Irunen (Gipuzkoa) eta beste hainbat herritan ere izango dira gaur kaldereroak. Irunen, 19:00etan aterako dira, Alberto Anguera plazatik. Inudeek eta artzainek, ordea, bihar goizean ekingo diote desfileari; 12:15ean, Santiago kaletik. Tolosako kaldereroek ere hartuko dituzte kaleak gaur, 19:00etatik aurrera.

Kaldereroak, eta inudeak eta artzainak 

Besteak beste, Donostian, Tolosan, Irunen eta Iruñean, gaur eta bihar.

Dokumentuaren akzioak