Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien inaugurazioa

Dokumentuaren akzioak

Inauterien inaugurazioa

Urtarrilarekin batera hasi dira inauteriak. Uitzikoak izan ohi dira goiztiarrenak, eta hasia dute herriko bestarik garrantzitsuena. Gaur jarraituko dute, puska biltzea eginez.

Zinta gorria moztea baizik ez zaie falta izan. Asteazkenean, Astigarragan (Gipuzkoa), sagardo garaia hasi zuten lehenbiziko txotxarekin. Asteburuan, Uitzik eta Eratsunek (Nafarroa) abiatu dituzte Euskal Herriko inauteriak. Uitzikoak izaten dira goiztiarrenak, Errege egunaren ondoko asteburuan egiten baitituzte. Aurten, baina, atzeratu egin dituzte, bi datak segidan zirelako, eta, beraz, inauterietara ahul ez ailegatzeko. Zinta gorririk ez, baina jatekoa eta edatekoa ez dute faltan izan inauteriak inauguratzeko. ardoa eta pastak banatzen. Elurra inguruan, barrena berotzea beharrezkoa izan da. Matxinena, berriz, kalkulagailua eskuan eta fakturak inguruan, gastuak aurrekontuarekin bat etorrarazi nahian. Lan zaila. «Norbaitek eraman behar ditu kontuak, baina herritar guziek laguntzen digute», esan du Matxinenak. Oraindik mozorroa jantzi gabe aritu da diru kontuekin; gauerako utzi nahi izan du sorpresa.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/01/15
Lotura
Berria

Berak lehenbiziko aldia du maiordomo lanetan, baina berekin batera beterano bat izan du, Ijurkok bosgarren aldia baitu inauteriak antolatzeko ardurarekin. «Maiordomo zarenean ez zaude hain lasai, diru kontuak eraman behar direlako. Erabaki behar da zer erosi, nor arduratuko den lan bakoitzaz... Baina denek laguntzen dute. Hemen, edozer lanetarako horrela izaten da; ez da herri handietan bezala», azaldu du Ijurkok.

Urtarrila ailegatu eta berehala hasten da inauteri giroa Larraunen. Goiztiarrenak dira Uitzikoak, baina horrek badu arrazoirik. Garai batean, inauteriak mutilek bakarrik egiten zituzten. «Oso matxista zen: otordu eta bazkariak mutilek egiten zituzten bakarrik», gaineratu du Ijurkok. Mutil haietako asko lanera kanpora joaten ziren, eta Eguberrietarako bakarrik itzultzen ziren etxera. Beraz, tarte hori aprobetxatu beharra zegoen, eta, Eguberriak ez ezik, inauteriak ere ospatzen zituzten. Gaur egun egoera hori ez bada ere, ohiturari eutsi zaio. Gizonen esklusibotasunarena kenduta, noski; orain herritar guziek parte hartzen baitute inauterietako ekitaldietan.

Otordu besta

Larunbat goizean, trapu zarpail batzuk jantzita atera ohi dira uitziarrak. Gosaria prestatzen aritzen dira, batzuk kanpoan eta besteak elkartean. Berandu egiten dituzte otorduak, eguerdian hasten baita gosaria. Hala egin dute aurten ere. Bapo jan eta gero, arratsaldean edaten jarraitu dute, eta gauerako gorde dute galazko mozorroa. Ijurko eta Matxinena maiordomoz jantzi dira.

«Hemen normalean etxean aurkitutako trapuekin mozorrotzen ginen. Baina, orain, landuagoak daude», azaldu du Ijurkok. Haurrek, adibidez, denetarikoak jantzi dituzte goizean ere: superheroienak, indioenak, banpiroenak eta eskimalenak, besteak beste. Batzuek jatekoa prestatu bitartean, haurrak elurrarekin jostatzen aritu dira. Arratsaldean, giroa berotu da elkartean, eta orduan hasi dira musika eta dantza.

Uitzikoak etxeko inauteriak dira. Kanpokoak ez dira hara joaten. Etxekoek prestatzen dituzte, eta etxekoek parte hartu. Ez dira asko, baina giro paregabea izaten dute. «Herriko bestak baino gehiago bizi ditugu», azaldu du Ijurkok. «Mozorroak ematen duen txantxarako aukerarekin... Gainera, bihar [gaur] etxez etxe ibiliko gara». Hori izaten da inauterietako ekitaldirik garrantzitsuena. Gaur ez dira pastak eta ardoa faltako Uitziko etxeetan. Trikiti eta panderoaren musikari jarraikiz abiatuko dira etxerik etxe, edozein herritako inauterietan egin ohi den bezala.

Egun inportanteak dira, beraz, inauteriak Uitzin. Han egunero bizi direnak ez dira asko, eta Iruñean edo Donostian lan egiten dutenak herrira itzultzeko garaia izaten da. «Kanpoan bizi direnek ezin dute hutsik egin», dio Ijurkok. Han sortu direnentzat ez ezik, hara bizitzera joan direnentzat ere berezia da besta. Matxinena uitziar baten bikotekidea da, duela hamar urtetik. «Iruñekoa izanda, inoiz ez nituen inauteriak benetan bizi. Hasieran lotsa ematen zidan, haiek denek elkar ezagutzen dutelako, baina gero primeran pasatzen duzu», azaldu du. Gainera, inauterien usadioari eustea garrantzitsua dela uste du, eta, beraz, aitortu du haurrei aukera eman nahi diela txikitatik hori bizitzeko.

Udaberrira arte hamaika herritan ospatuko dira inauteriak. Leitzan lekukoa hartzeko prest dira.

Uitziko hainbat herritar ardoa banatzen, elurra parez pare izanda, gorputza berotzen.

Uitziko hainbat herritar ardoa banatzen, elurra parez pare izanda, gorputza berotzen. IKER TUBIA

Dokumentuaren akzioak