Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauterien bigarren asteburuaz gozatuko dute bihartik lizartzarrek

Dokumentuaren akzioak

Inauterien bigarren asteburuaz gozatuko dute bihartik lizartzarrek

Larunbatean, 7.30ean, Lizartzako Inauterien adierazgarri den puska-biltzea egingo dute dantzari eta txantxoekin

Egilea
Marta San Sebastian
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2012/02/09
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Nekazal giroko Inauteri ospetsuenetakoa da Lizartzakoa, nahiz eta alboan Tolosako festa handiak dituen. Lizartzarrek beste behin hotzari aurre egin eta jaien bigarren asteburuari ekingo diote eta bihartik aurrera ez da asper-tzeko betarik izango Tolosaldeko herri honetan. Aurten ere puska-biltzeko ohitura zaharrari helduko diote gazte zein helduek, baserriz baserri kalejiran.

Bihar eskolako haurrek izango dute protagonismoa, izan ere, 14.15ean eskolak antolatutako mozorro festa egingo dute eta ondoren kalejira izango da.

Larunbatean goiz iratzarriko dira lizartzarrak, 7.00etan plazan elkartu eta kalejiran salto egingo baitute Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. Diana abestuz inauterien hasiera iragarriko dute, ohiturari jarraituz. Ondoren, 7.30ean, Lizartzako Inauterien adierazgarri den puska-biltzea egingo dute. Juan Garmendia Larrañaga etnografoak azaldu zuen bezala, "nagusiki dirua eta jakia bildu eta afaltzeko egiten zen, eta bide batez disfrutatzeko". Oraindik ere bizirik dirau ohitura zaharrak eta dantzari eta txantxoekin 9.30ean Etxe-zahar baserrian geldialdia egingo dute gosaltzeko. Ondoren, 12.00etan, mozorro, gurdi eta txarangen irteera iragarri dute Errota ataritik eta 13.30ean Inauterietako partaideek kalejira egingo dute, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, frontoian bazkaria izango da. Arratsaldean, 18.00etan, gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan hainbat sagardotegiko sagardoak eta Lizartzako talogileen taloak jateko aukera izango da.

Igandean izango da jaien azken eguna, Tolosako Inauteriei testigua pasatuz. Hala, 11.00etan, agintari eta dantzariak meza nagusira joango dira txistulariek eskainitako Agintari doinuaz lagundurik. Ondoren, hamaiketakoa izango da plazan, gerturatzen ororentzat. Eguerdia aldera, dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Horren ondotik, 13.00etan, Lizartza Ihaute Dantzak eskainiko dituzte dantzariek plazan eta 14.00etan Inauteri bazkaria egingo dute denek herriko pilotalekuan. Ondoren, arratsalde osoan ez dira faltatuko txarangak, jokoak, zozketak eta sariak. Igandean, 20.30ean, plazan egingo duten ijitoaren erreketarekin amaiera emango zaie aurtengo Inauteriei Lizartzan.

Dantzariak Lizartzako Ihaute Dantzak eskaintzen, aurreko urte batean.

Dantzariak Lizartzako Ihaute Dantzak eskaintzen, aurreko urte batean.

Dokumentuaren akzioak