Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Inauteriak ia herri guztietan

Dokumentuaren akzioak

Inauteriak ia herri guztietan

Era guztietako mozorroak jantziko dituzte gaur hasi eta asteartera bitartean hainbat herritan

Egilea
I. Maruri - N. Arbelbide.
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2009/02/19

Markina-Xemeinen (Bizkaia), Goiko Portaletik hasiko dute dantzariek eta Hartzak kalejira (12:00) datorren igandean. Zaragi dantza egingo dute ibilbide guzian. 13:15ean toki beretik abiatuko da mozorroen desfilea. Eta herri bazkaria bukatutakoan, antzara jokoan lehiatuko dira markinarrak, zaldi gainean (17:00).

Gernika-Lumon (Bizkaia) dianarekin hasiko da aratuste domeka. 11:30ean, lehorreko mastapuntakoaren eta oilar jokoaren txanda izango da, Foru plazan. 12:00etan Marroen Aurreskua dantzatuko dute toki berean, eta Bizkaiko dultzaineroek kalejira girotuko dute, erraldoien konpartsarekin batera. Hazparnen (Lapurdi), Santa Ageda ospatu eta, orain, zanpantzarren tenorea iritsi da. Larunbatean 16:00etako finkatua dute bere auzia. 18:30ean, berriz, herriko karriketan gaindi zintzur bustitze alaitua antolatua dute. Besteak beste, Buuzbu taldea arituko da hor gaindi. Ttattola gaztetxean, 30 milioi lagun gaualdia pentsatua dute. Animatzeko, DJ Znoop Zkratx.

Zuberoari dagokionez, Atharratzen dute erreko zanpantzarra. Egun osoan zernahi animazio izanen dituzte, karrikak ez daitezen isilik egon.

Nafarroan, Baztanen Orakunde eguna ospatuko dute gaur hainbat herritan. Beran, bestalde, haur eta gaztetxoek inude eta artzaiak ospatuko dituzte gaur, besteren artean.

Donostian, beste era bateko jaia antolatu du Gehituk: Rio de Jareño inauteri festa egingo du, Egiako kultur etxean. Larunbatean izango da 23:30etik aurrera: pintxoak, bi musika-gela, informazio mahaia eta beste izango dira. Sarrerak han erosiz gero, 21 euro balio du; eta aurrez erosita, 18 euro.

Dokumentuaren akzioak