Dokumentuaren akzioak
Inauteri punkia
Garizuma zigorra bada, aurten zigorrago, hauteskunde kanpainaren mozorroan. Ebanjelioetako berrogei egunak gabe, hemendik maiatzera bitarte izanen dugu maskara-dantza. Inauteri luzea, joan den astean bukatu zena baino puskaz aspergarriagoa. Ez naiz asteburuan hirian gelditu zale. Hilaren lehenean galdu nuen, beraz, Iruinkokoa, Iruñeko inauteri berria. Berria eta euskalduna. Lagunen bat kargu hartzen ari zait geroztik. Cirque du soleil ere ez nuen ikusi. Nire adiskide horri kasu egitera, Iruinkokoa ez zen gutiago izan. Pozez puztua dagoenaren arrazoia? Ezin erantzun. Berriz diot, ez nintzen lekuko izan. Ahalkegabe ari naiz. Belarriz mintzo. Handia izan zela badakit, hala ere. Lau elkarte, hirurogeita hamar lagun. Musika, dantza, antzerki eta bertso. Urdiñarbe eta New Orleans. Cortes eta Sanfermin. Jauzia eta jazza. Erroz eta eroz. Antton Lukuren libertimendua, Argako urez birbataiatua. Santa Ana plazan, koko mustra: koko gorriak egurra banatzen. Uxue Barkosi. Joseba Asironi. Aranzadikoei. Eskuinari. Elizari. Hedabideei. Guztiei. Baita ezker abertzaleko disidenteei -“non dago ETA?”- eta gaztetxekoei ere. Horren guztiaren errudun, dozena erdi izen-abizen. Eta dozena erdi izen-abizenekin batera, gazte tropa bat. Arras gaztea, zenbaitetan. Izen gabea edo ez hain izen gabea. Nor bere ukuilukoa. Finak beren lanbideetan. Lotsa auzoan dutenak. Elkarlanerako eta sormen-lanerako prest. Euskaraz. Non eta Iruñean. Ikuskizunaren irudiak bilatu ditut sarean. 30 segundoko bideo laburra aurkitu dut, Karrikiriko ate ondoan, non Lukuren “biblia” goratzen den eta “literatura, puta basura!” oihukatzen. Errana da, guztiendako egurra -edo ziria- izan zen Iruinkoko inauteri punkian. Horrez gain, argazki guti batzuk. Ez dadin premonizio bat izan. Urte bat gehiago eta “betidaniko” bilakatzen ditugu gauzak Iruñean. 2019an ikusi ez dudana ikusi nahi nuke 2020an.
Dokumentuaren akzioak