Dokumentuaren akzioak
Inauteri domekako jaialdian zazpi dantza egingo dituzte Oinarin taldeko lagunek eta zenbait herritarrek
Lehenik, neska-mutikoak, txikienetatik hasi eta nagusienetara, irtengo dira dantzara eta honako piezak egingo dituzte: Txantxoak, La raspa, Saint Petite, Zazpi jauzi eta Dominguillo.
Ondoren, Oinarineko nesken eta eurekin azken asteotan entseiuetan jardun duten emakumeek Txarri-dantza eskainiko dute. Arrasaten santamasetan egiten den dantza da. Aurten pieza hori aukeratu dute Antzuolako inauterietara eramateko. Urtero berriren bat prestatzen dute, festa honetarako egokia izan daitekeena.
Azkenik, gizonezko talde batek, Oinarineko dantzarien laguntzarekin, Antzuolak berea duen sorgin-dantza egingo du. Kide batzuk emakume jantzita irteten dira, gizonezkoekin bikoteak osatuz. Barregarria da dantza. Hartza, domadorea eta tximinoa ibiltzen dira dantzariekin batera.
Plazako saioaren aurretik, goizeko hamarretan, kalejira egingo da. Sorgin-dantzako kideak alde batetik ibiliko dira eta txarri-dantzakoak bestetik, txistulariak lagun dituztela. Hainbat kaletan geldialdiak ere egingo dituzte euren pieza osoak edota zatiak eskaintzeko. Ordubete edo ordu eta erdi irauten du kalejirak.
Giro polita sortzen da jaialdi honen inguruan. Batetik, dantzaria ez den jende heldua dantzan ikustea beti da bitxia. Bestetik, umeek gurasoak eta senitartekoak erakartzen dituzte Herriko Plazara.
Dokumentuaren akzioak